Eman daiteke izena San Silbestre lasterketaren 19. edizioan

Uztarria.eus 2019ko abe. 11a, 11:20
Iazko lasterketako irudi bat.

700 lagunek parte hartu ahal izango dute aurtengo edizioan, eta horiek Kirolprobak.com helbidean eman dezakete izena, bederatzi euro ordainduta. Abenduaren 29an bukatuko da Internet bidez izena emateko epea. Abenduaren 31n, 12:00etan hasiko da proba plazatik, eta sei kilometroko ibilbidea plazan bertan bukatuko da. 11:30ean, 500 metroko lasterketa irekia egingo dute.

Zabalik dago San Silbestre lasterketan izena emateko epea, eta beraz, urtea lasterka agurtu nahi dutenek aurten ere izango dute horretarako aukera. Xeyek antolatzen duen lasterketa entzutetsuaren 19. edizioa izango da aurtengoa, eta abenduaren 31n, 12:00etan hasiko da. Plazan hasi eta bukatuko da sei kilometroko ibilbidea duen proba. Lasterketa horretan 2005. urtea baino lehen jaiotakoek parte ahal izango dute.

700 lagunek parte hartu ahal izango dute aurtengo edizioan, eta horiek Kirolprobak.com helbidean eman dezakete izena, bederatzi euro ordainduta. Abenduaren 29an bukatuko da Internet bidez izena emateko epea. Dena den, abenduaren 30ean ere inskribatu ahal izango da 17:00etatik 20:00etara bitartean Azoka Plazan, eta lasterketaren egunean ere izango da horretarako aukera plazan, 10:00etatik 11:00etara bitartean. Bi egun horietan hamabost euro ordaindu beharko da dortsala. Dortsalak jasotzeko aukera ere bi egun horietan izango da.

Proba nagusiaren aurretik, 11:30ean, lasterketa irekia izango da. Txolarte elkartearekin elkarlanean antolatu du inklusioa bultzatu nahi duen proba Xeyek. Aurreko urteetan ere egin izan dute lasterketa, eta edizio haietan moduan, lasterketa horrek ez du sailkapenik izango, ezta izen-ematerik ere. Horrenbestez, herritar orok 500 metroko ibilbidea gauzatu ahal izango du.

Sari ugari

Urtero legez, hainbat sari banatuko dituzte parte-hartzaileen artean, eta zozketak ere egingo dituzte. Lasterketa nagusiko bost kategorietako lehen emakumeek nahiz gizonek urdaiazpiko bana jasoko dute sari gisa. Honako hauek dira mailak: 16 urtez azpikoak (2005. eta 2006. urteetan jaiotakoak), 18 urtez azpikoak (2004-2003), 20 urtez azpikoak (2001 eta 2002), seniorrak (2000. urtetik aurrerakoak) eta beteranoak (40 urte baino gehiagokoak).

Sailkapen orokorreko lehen hiru emakumeek eta gizonek garaikurrak jasoko dituzte eta probaren irabazleek txapel bana. Saikapen orokorreko lehen azkoitiarrari eta azpeitiarrari otarre bana banatuko diete. Sari horiez gainera parte-hartzaile guztien artean hainbat produktu zozkatuko dituzte: Sanagustin kulturguneak eta Juantxo Txiki tabernak emandako otartekoak, Valentin Odriozola harategiak emandako txistorrak, gaztak, bonboi kaxak eta bost urdaiazpiko.

Gainera, lasterketan parte hartzen duten herritarrek dutxatzeko aukera izango dute Izarraitz pilotalekuan. Han arropak eta motxilak uzteko lekua ere izango dute lasterkariek.