65-70 urte bitarteko herritarren beharrak ezagutzeko azterketa egingo du udalak

Uztarria.eus 2019ko abe. 9a, 15:27
Maite Garmendia Baigerako kidea, Maider Saenz ikerketa egingo duen teknikaria, Leire Goenaga zinegotzia, eta Patxi Alzibar eta Joxe Mari Iturria Baigerako kideak. (Maialen Etxaniz)

Etxez etxeko bisitak egingo dituzte 65 eta 70 urte bitarteko herritarren bizi baldintzak ikertzeko. Udalak gutunak bidaliko ditu adin tarte horretako pertsonen etxeetara, eta datozen egunetan hasiko dira bisitekin. Laugarren eta azken ikerketa amaitutakoan aterako dituzte Azpeitiko adineko pertsonek dituzten beharren inguruko ondorio orokorrak, eta orduan hasiko dira neurri zehatzak aplikatzen.

Azpeitiko Udalak 65-70 urte bitarteko herritarren beharrak ezagutzeko ikerketa egingo du datozen hilabeteotan. Adineko pertsonen bizi baldintzak eta beharrak ezagutzeko udalak egingo duen laugarren azterketa izango da martxan jarriko dutena. Horren berri emateko agerraldia egin dute gaur, astelehena, Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak, Baigera jubilatuen elkarteko kideek eta Maider Saenz ikerketa egiteaz arduratuko den teknikariak. 

Dagoeneko hiru urte dira udala eta Baigera jubilatuen elkarteko kideak Azpeitiko adineko pertsonen egoera eta bizi kalitatea ezagutzeko eta hobetzeko asmoz ikerketak egiten hasi zirenetik. Lanketari ekiteko, esku orriak banatu zituzten herriko adineko pertsona guztien etxeetara, Gizarte Zerbitzuetan eskaintzen dituzten laguntzen berri emanez. Horren ostean, adin tarteka ikerketak egiten hasi zen Udala, Gizarte Zerbitzuekin harremanik izan gabeko pertsonengana iristeko eta haien berri izateko. Lehenik, 80 urtetik gorako pertsonen azterketa egin zuten, eta, ondoren, 75 eta 80 urte artekoena. Haren ostean 70-75 urte bitarteko herritarren ikerketa egin zuen udalak, eta orain 65-70 urte bitarteko herritarren azterketa egingo du. Ikerketa horien helburua da adinekoen etxeetara joan eta haien beharrak ezagutzea, ondoren behar horien arabera udalak ematen dituen laguntzak eskaintzeko.

Datozen egunotan bidaliko dituzte gutunak adin tarte horretako herritarren etxeetara, ikerketaren inguruko xehetasunak emateko. Etxez etxeko bisitak ere egun gutxiren buruan hasiko dirala aurreratu du udalak. Maider Saenz teknikaria arduratuko da bisitak egiteaz. Etxeetara egindako bisitetan herritarrek zein egoera ekonomiko duten, nola bizi diren eta zein baliabide dituzten aztertuko dituzte, besteak beste. Era berean, Gizarte Zerbitzuetan eskaintzen dituzten baliabideen berri emango diete bisitatutako herritarre¡. Guztira, lau hilabete inguru beharko dituzte ikerketa amaitzeko. 

Udalaren datuen arabera, Azpeitian 65-70 urte bitarteko 680 lagun bizi dira, eta horietatik 130 lagunek Gizarte Zerbitzuekin harremana izan dute azken urteotan. Gainerako 550 lagunetatik hainbatek aurreko ikerketaren batean parte hartu dute, beste adin tarte bateko adinekoren batekin bizi direlako. Beraz, oraingoan, Gizarte Zerbitzuekin harremanik izan ez dutenengana joko du udalak.

65-70 urte arteko pertsonen beharrak, gainerako adin tarteetako herritarrekin alderatuta, "ezberdinak" izango direla aurreikusten du udalak. Leire Goenaga Gizarte Zertzibuetako Batzordeburuak azaldu duenez, adin tarte horretako herritarrak "oso aktiboak" dira gainerako adin tarteetakoekin konparatuz gero. Era berean, 65-70 adin tarteko herritarrek osasunari lotutako beharrak, besteak beste, ezberdinak izango direla aurreikusten dute. 65-70 urte bitarteko pertsonen azterketako datuak eta aurrez egindako beste hiru ikerketen datuak kontuan hartuta, orotara 1.200 adinekorengana iritsiko da udala. Herritar horiengana guztiengana iristea "lorpen handia" dela adierazi du Goenagak. "Udal honentzat lehentasunezkoa da herritarren babes soziala, eta adinekoei arreta berezia eskaintzen ari gara azken urteetan, ikerketa hauek eginez, eta horietan ateratako ondorioei erantzuteko baliabideak jarriz; 65 urtetik gorakoentzako dirulaguntza bereziak martxan jarrita, esaterako".

Ondorio orokorrak ateratzeko pronto

Laugarren eta azken ikerketa amaitutakoan aterako dituzte Azpeitiko adineko pertsonek dituzten beharren inguruko ondorio orokorrak. "Ondorioak atera ostean, herritarren beharrei erantzuteko neurri zehatzak hartu ahalko ditugu, baita gaur egun dauden baliabideak indartu ere", azaldu du Goenagak. 

Baigerako kideek ere hartu dute hitza, eta gogoan hartu dituzte "txirotasunean" bizi diren herritarrak.: "Txirotasunean bizi diren herritarrek kezkatzen gaituzte, eta baldintza horietan bizi diren pertsonei irtenbidea emateko neurriak hartzeko eskatzen dugu". Horren harira, Baigera elkarteko Patxi Alzibarrek 70-75 urte arteko herritarren azterketaren emaitzak ekarri ditu gogora: "Azken prentsaurrekoan jakinarazi genuen 70-75 urte bitarteko herritarrek bizi kalitate ona dutela. Asko pozten gaituen datua da hori, baina herritar guztiek bizi baldintza onak izatea nahi dugu guk". Horren harira, udalarekin elkarlanean egiten ari diren azterketen garrantzia azpimarratu du Alzibarrek, eta "azken txanpan" sartu direla gogoratu du: "Datu guztiak elkartzean jakingo dugu nolakoa den Azpeitiko adineko pertsonen argazki orokorra".