Aitor Unanuek Lagun Onak mendi bazkunaren lehendakari kargua utziko du

Uztarria.eus 2019ko abe. 9a, 14:35
Aitor Unanue, egungo Lagun Onak mendi bazkunako lehendakaria.

Bihartik ostiralera bitartean, Mendi Astea egingo dute Azpeitian, Lagun Onak mendi bazkunak antolatuta. Elkarte horren presidente izateari utziko dio Aitor Unanuek ostiralean, eta zuzendaritza berria osatuko dute.

Lagun Onak mendi bazkunak bihartik ostiralera bitartean egingo du aurtengo Mendi Astea. Edizio honetan, mendiarekin lotutako hiru ikus-entzunezko emango dituzte mendi elkartearen egoitzan, eta ohi bezala, batzar nagusia ere egingo dute.

Ostiralean egingo dute batzar nagusia, eta bertan, zuzendaritzan aldaketak egingo dituzte. Aitor Unanue egungo presidenteak lehendakari kargua utziko du, eta beste norbaitek hartuko du haren lekukoa. "Normalean, lau urterako hartzen da lehendakari kargua, eta nik zortzi urte egin ditut ardura horretan. Iruditzen zait erreleboa hartzeko unea dela. Zuzendaritzan eta saltsa horretan segituko dut, baina ez lehen lerroan, orain arte bezala". Ostiralean osatuko dute zuzendaritza berria, eta orduan jakinaraziko dute zein izango den presidentea aurrerantzean.

Gainontzean, honako hau izango da batzarreko gai ordena: 2019ko ekintzen balorazioa, 2019ko balantzeko ekonomikoaren onarpena, 2020ko aurrekonturaren onarpena, 2020ko ekintzen aurkezpena, Xoxoteko aterpea, elkarteari eta batzordeari buruzko xehetasunak eta galdera-erreguak.

Mendi Astea, "indartsu"

Batzarraz gain, mendiari lotutako hiru ikus-entzunezko ikusi ahal izango dira Mendi Astearen barruan. Bihar emango dute lehen lana, 2018ko Joxe Takolo beka irabazi zuen proiektuaren emaitza dena: duela bi urte Drangnag-ri mendira egindako espedizioari buruzko ikus-entzunezkoa osatu zuten Alberto Fernandezek eta Mikel Zabalzak. "Joxe Takolo bekari esker orain arte egin den proiekturik indartsuenetako bat  da hori. Jende asko ari da esaten Mendi Astea indartsu datorrela aurten, eta nik ikus-entzunezko hori nabarmenduko nuke, proiektuaren kalitateagatik eta egileak oso mendizale onak direlako", azaldu du Unanuek.

Mendi Astean "bertako norbaitek" parte hartzea ere gustatzen zaie antolatzaileei, eta horregatik, asteazkeneko saioan Joxe Luis Eizagirre azkoitiarra ariko da bere esperientzia azaltzen. Aurten Mckinley mendian izan da Eizagirre, AEBetako mendirik altuenean, eta espedizioaren inguruko proiekzioa eskainiko du.

Azken saioa Josema Casimirok eskainiko du, ostegunean. "K2 mendia igo zuen lehen euskalduna izan zen bera, eta espedizio hartako irudiak digitalizatu eta Annapurna II 1986 dokumentalaren antzeko lan bat osatu du. Alderaketa moduko bat egin du", dio Unanuek.

Egitaraua

- Abenduak 10, asteartea. Drangnag-ri, 2018ko Joxe Takolo Bekaren irabazlea. Alberto Fernandezekin eta Mikel Zabalzarekin. 21:00etan, Lagun Onak mendi bazkunaren egoitzan.

- Abenduak 11, asteazkena. Mckinley mendia, Joxe Luis Eizagirrerekin. 21:00etan, Lagun Onak MBren egoitzan.

- Abenduak 12, osteguna. K2 mendia, Josema Casimiroren eskutik. 21:00etan, Lagun Onak MBren egoitzan.

- Abenduak 13, ostirala. Lagun Onak MBren batzar nagusia. 19:00etan, mendi elkartearen egoitzan.