Sanferminetako talde bortxaketaren kasuaz solasaldia eskainiko du bihar Samara Veltek

Uztarria.eus 2019ko abe. 10a, 13:51
Samara Velte. (Amaia Urbieta)

Sanferminetako talde bortxaketak eragin dituen hausnarketak liburu batean bildu ditu Samara Veltek, eta hain zuzen ere, liburu hori aurkeztuko du bihar, asteazkena, Emakumeen Txokoan. Indarkeria matxista ulertzeko moduak, justizia sistemaren ajeak, hedabideen tratamendua eta izuaren inguruko diskurtsoak aztertu ditu, eta bihar, 18:30etik aurrera, horiek denak izango ditu hizpide.

Nik sinesten dizut. Bortxaketaren kultura eta sanferminetako kasua izenburupean solasaldia eskainiko du Samara Velte (Zarautz, Gipuzkoa, 1991) Berriako kazetari izanak eta EHUn ikerlariak bihar, asteazkena. 18:30ean hasiko da solasaldia, eta hark indarkeria matxista ulertzeko moduak, justizia sistemaren ajeak, hedabideen tratamendua eta izuaren inguruko diskurtsoak izango ditu hizpide.

Veltek Nik sinesten dizut liburua kaleratu du 2016ko sanferminetako talde bortxaketa ezagunaren kasua du ardatz hartuta. Berriak, Elkarrek, Jakinek eta Txalapartak elkarlanean ekoizten duten Aleka bildumako zortzigarren lana da Velterena. Zarauztarrak bortxaketa haren inguruan sortutako diskurtso eta trataerak landu ditu. Izan ere, Manada kasuak inflexio puntu bat markatu zuen kontzientzia kolektiboan.

Honako lotura honetan irakur daiteke duela egun batzuk Urola Kostako Hitzak Velterekin hitz eginda osatutako erreportajea.