Miren Alcedo: "Gizartea bezalakoa da justizia, klasista, arrazista, eta emakumeok bakarrik gaude"

Argia 2019ko abe. 6a, 15:11
Miren Alcedo.

Antropologia ikasteak aldatu egin zuen Miren Alcedo: "Bat-batean, nire bizitza osoa irauli zen. Antropologian ikasten duzu nolakoak diren besteak, orduan, zure burutik atera behar duzu, eta beste aukera batzuk ikusi". Azken hamabost urtean, bestelako lanetan dabil, epaitegi batean behargin, baina han ere topatu ditu munduak, eta ez bakarrik mostradorearen beste aldean: "Zure aldamenean dagoena ere beste mundu bat da". Argia aldizkariak Azpeitiko bizilagunari egindako elkarrizketa da honako hau.

  • ETAri buruzko tesia egin zenuen.

Nire asmoa zen heriotza ikertzea. Orokorrean ikertu nahi nuen gaia, William Douglass irakurri nuen, Muerte en Murélaga, eta hortik jarraitu nahi nuen, baina gaur egungo hiriak aztertuz, ikuspegi modernoagoa emanez. Bartzelonan ikasi nuen, eta irakasle batek esan zidan zehaztu behar nuela gehiago, eta Euskal Herrian gainera bazela heriotza mota berezi bat, heriotza politikoa. Oso erraza da hori esatea, are gehiago kanpokoa izanda –irakasle hori austriarra da–, baina ni oso gaztea nintzenez, ausartu nintzen.

  • Erakundeko militanteak elkarrizketatu zenituen.

Garai hartan ez zegoen ezer eginda, gero bai, kazetariak hasi ziren liburuak idazten, baina momentu horretan Joseba Zulaikaren lana baino ez zegoen. 1990ean hasi nintzen nire ikerketarekin, eta berak 1991n argitaratu zuen Violencia vasca: Metáfora y sacramento. Liburu horretan, berak oinarriak azaldu nahi zituen, eta horretarako, Itziarko bere kuadrillaren esperientziak baliatu zituen. Nireak zabalagoa izan nahi zuen. Tira, gauza bat da zuk zer proposatzen diozun zure buruari eta beste gauza bat da zer betetzen duzun…

  • Nondik abiatu zinen?

Bazegoen tipo bat, Goñi, Portugaleteko apaiz bat, apaiz langilea, gero sekularizatu zena. Hasieran berarekin egin nuen kontaktua, eta esan zidan, etakide guztiekin egon behar nuela, guzti-guzti-guztiekin, eta nik “ai ama!” pentsatu nuen, ezinezkoa zen, horretarako talde bat behar duzu. Beraz, mugatuagoa izan zen. Gainera, militante batzuek ez zuten nirekin egon nahi, eta jakinarazi zidaten. Elkarrizketatu nituen guztiak ziren ETAko militanteak, baina momentu horretan jada ez zeuden taldeetan, ez zeuden ekintzak egiten, batzuk kartzelatik atera berritan zeuden, beste batzuk gero sartu ziren… Esan nahi dut ni ez nintzela arriskuan egon eta ez nuela inor arriskuan jarri. Oso irekiak izan ziren nirekin, denari buruz hitz egiten zuten. Haien esperientziak oso gogorrak ziren, batez ere kartzelaren memoria azaldu zuten, tortura…

  • Ikerketak, bere garaian, interes bizia piztu zuen, baina ez zenuen gaian sakontzen segitu.

Interes handia egon zen, Mexikotik adibidez elkarrizketak eskatu zizkidaten, Estatu Batuetatik ere hots egin zidaten, Columbia unibertsitatetik, hitzaldi bat emateko, eta Euskal Herrian, unibertsitateko irakasle batek militanteen testigantzak eskatu zizkidan; esan zidan “zuk igual ez dakizu ondo interpretatzen eta nik irakurri behar ditut…”. Ezetz esan nuen. Liburu bat egin nuen tesiarekin, eta kito, hor zegoen, ni horraino ailegatu nintzen eta ez nuen jarraitu.Tesia egitean eta etakideak elkarrizketatzean sufrimendu handia ikusi nuen, sufrimendu asko eta handiak, eta lotsa ematen zidan bide horretatik jarraitzeak, batez ere dirua edo bizimodua ateratzeko.

  • Beste gai batzuei heldu nahi zenien, beraz.

Bai, aldaketa behar nuen. Gai asko etorri zitzaizkidan burura, jubilatuen gaia adibidez, baina ez nuen dirulaguntzarik lortu. Gero, justu garai hartan Guggenheim museoa egiten ari ziren, eta nik ikusten nuen aldaketa bat etorriko zela, zeren Bilbok, Bilbo Handiak, industriatik turismora pasatu nahi zuen, garai horretan oraindik zen hiri grisa, industriala, pobretzen ari zena… Nik lan bat egin nahi nuen horretaz, niretzat oso interesantea zen. Dirulaguntza eskatu nion Eusko Jaurlaritzari eta joan nintzen epaimahai batera nire ikerketaren egitasmoa babestera. Han zegoen Sevillako katedradun bat, Isidoro Moreno, eta hark galdetu zidan: “Baina zuk zer pentsatzen duzu, hona masa turismoa etorriko dela?”.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Argia aldizkariaren webgunean.