Astelehenean irekiko dute Gazteria Sailak Gabonetarako antolatutako ekintzetan izena emateko epea

Uztarria.eus 2019ko abe. 5a, 18:32
Gazteria Sailak antolatutako ekintza bateko artxibo irudia.

Haurrei eta nerabeei zuzendutako askotariko ekintzak egingo dituzte abenduaren 23an, 26an eta 27an. Adinaren arabera osatuko dituzte taldeak, eta horren araberakoak izango dira egingo dituzten ekintzak. Besteak beste, egunpasak, jolasak, tailerrak eta pintxo lehiaketa antolatu dituzte Gabonetarako. Astelehenean irekiko dute izena emateko epea eta abenduaren 13an itxiko da.

Gabonetako oporraldirako haurrei eta nerabeei zuzendutako ekintzak antolatu ditu Udaleko Gazteria Sailak beste urte batez. Jarduerak abenduaren 23an, 26an eta 27an egingo dituzte, adin tartearen arabera banatuta. Astelehenean, hilak 9, irekiko dute ekintza horietan izena emateko epea, eta abenduaren 13an itxiko dute. Interesa dutenek Azpeitiko Gazte Informazio Bulegoan (GIB) egin beharko dute izen-ematea, 15 euro ordainduta.

Hauek izango dira egingo dituzten ekintzak:

HH5-LH2 arteko haurrek

Abenduaren 23an, egun pasa Olentzeroren etxera.
Abenduaren 26an, goizean, Jolasez jolas. 
Abenduaren 27an, goiz pasa Gabon parkera.

LH3-LH6 arteko gaztetxoek 

Abenduaren 23an, egun pasa Basondo animalien erreserbara.
Abenduaren 26an, goiz pasa Gabon parkera.
Abenduaren 27an, goizean, Orekaren bila

Urrestillako haurrei zuzendutako ekintzak ere izango dira Gabonetan. Abenduaren 23an Azpeitiko umeekin batera joango dira egun pasa, haur bakoitza dagokion adinekoekin. Abenduaren 26an Gabon parkera joango dira eta abenduaren 27an Goazen Jolastera ekintza egingo dute. Urrestillako haurrek Dena Txikian egin beharko dute izen-ematea, abenduaren 9tik 13era bitartean.

Gaztelekuko jarduerak

Haurrez ez ezik, Gaztelekuko nerabeek ere izango dute Gabonetako ekintzetan parte hartzeko aukera. Hain zuzen, DBH1etik Batxiler 2ra arteko gazteei zuzendutako ekintzak antolatu ditu Gazteria Sailak. Abenduaren 23an Gazteak eta musika ekintza izango da Gaztelekuan bertan. Ekintza hori irekia izango da, eta bertan parte hartzeko ez da izenik eman beharrik izango... Abenduaren 26an, berriz, egun pasa egingo dute Txuri Urdin izotz parkera. Irteera horretarako izen-ematea 15 euro ordaindu beharko da. Abenduaren 27 goizean pintxo lehiaketa egingo dute Gaztelekuan.