XVII. Topaketak egin ditu Iraurgi Berritzenek

Uztarria.eus | Ekonomia
2019ko abe. 5a, 12:11

Iraurgi Berritzenek XVII. Topaketak egin zituen atzo, asteazkena, Azkoitiko Elkargunean. Han izan ziren, besteak beste, garapen agentzia osatzen duten hiru udaletako, Gipuzkoako Foru Aldundiko, hainbat enpresatako eta ikastetxetako ordezkariak, hala nola Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Azpeitiko Udaleko EH Bilduko nahiz EAJko zinegotziak, Javier Zubizarreta Azkoitiko alkate eta Iraurgi Berritzeneko presidentea, Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomiaren Sustapen, Turismo, Landa eta Ingurumen diputatua, Begoña Beobide Iraurgi Berritzenen zuzendaria eta Mikel Arregi Zestoako alkatea. Horiez gain, eskualdeko 22 enpresatako kideak, eskualdeko bost ikastetxeetako ordezkariak, Izarraitz Lanbide Heziketako kideak eta Lanbideko ordezkariak ere han izan ziren.

Jardunaldia bi atal nagusitan antolatu zuten. Lehen zatian, Iraurgi Berritzen Sareko Kudeaketa Kontseilua osatzen duten kideek mahai-ingurua egin zuten. Leire Goenaga (Azpeitiko Udala), Cruz Alberdi (Sidenor), Aitor Cordoba (Iraurgi Ikastetxea), Eduardo Sudupe (Izarraitz Lanbide Heziketa), Maria Jesus Etxaniz (Lanbide) eta Itziar Abarisketa (Iraurgi Berritzeneko Enpresa eta Enplegu koordinatzailea) aritu ziren solasean. Horiek kudeaketa kontseiluaren eta elkarlan guneen berri eman zuten solasaldian, eta 2019an zehar landu dituzten lan lerroak eta elkarlanean garatzen ari diren zenbait proiektu ere azaldu zituzten. Era berean, azpimarratu zuten eskualdearen erronkei aurre egiteko "ezinbestekoa" dela arlo sozioekonomikoan udalen eta eremu desberdinetako erakundeen arteko lankidetza "ikuspegi komun batetik" garatzea. Gainera, orain arteko ibilbidearen "balorazio positiboa" egin zuten.

Ekitaldiaren bigarren zatian, Pilar Kaltzadak genero berdintasunaren ikuspegia aztertu zuen parte-hartzaileekin. Lantaldeetan aritu ziren solasean, genero berdintasunaren ikuspegiak eskualdearen garapenean duen eraginaz hausnartzen eta eztabaidatzen. Hizpide izan zituzten, halaber, gizartean dauden hainbat "oztopo". Besteak beste, aurreiritziak, baldintzak, egiturak eta genero arrakalak. Aurrera begira landu beharreko lan ildoak zeintzuk izan behar luketen ere aztertu zuten parte hartzaileek. Sensibilizazioa, praktika onen ikusgarritasuna, prestakuntza, egitura eta baldintzak egokitzea izan zituzten hizpide.

Topaketa Nagore Alkorta Azpeitiko alkatearen eta Mikel Arregi Zestoako alkatearen hitzartzeekin amaitu zen. Datorren urtean eskualdean genero berdintasunean eragiteko "konpromisoa" hartu zuten eragileek, horretarako gune eta proiektu desberdinetan ekintza anitzak txertatuko dituztela azalduta.

Ikusi argazki guztiak haundiago

 
Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu