Kili-kolo dago Tuba Jaialdiaren etorkizuna

Uztarria.eus 2019ko abe. 5a, 12:05

Dirulaguntza eta finantzazio faltan, datorren urtean Azpeitiko Tuba Jaialdia antolatzeko zailtasunak ikusten dituzte antolatzaileek. "Azpeitiko Udalaren laguntza bakarrik jaso dugu eta agortu ditugu Metal Boskotearen baliabide ekonomiko denak", azaldu dute. Abenduaren 15ean, Donostian Gabon Tuba Jaialdian parte hartuko dutela ere iragarri dute.

Aurten antolatu duten X. Tuba Jaialdiak Azpeitiko Udalaren dirulaguntza besterik ez du jaso, eta aurrera begira jaialdia antolatzeko zalantzak azaldu dituzte antolatzaileek. "Musika Bulegoaren jardueren barruan sartzeko eskatu genuen aurrena, eta Eusko Jaurlaritzak jaialdiak antolatzeko dirulaguntzetan ere eskaera egin genuen. Baina ez dugu ezer jaso, ez batetik ez bestetik. Azpeitiko Metal Boskotearen baliabide ekonomiko guztiak agortu ditugu, eta orain aztertzen ari gara gainontzeko gastuei aurre nola egin. Egoera honetan ezinezkoa gertatzen zaigu Tuba Jaialdia antolatzen jarraitzea", azaldu du Agustin Jimenez Tuba Jaialdiaren antolatzaileak. Laguntzarik gabe horrelako jaialdi bat aurrera ateratzea zaila dela gaineratu du Jimenezek: "Jaialdia antolatzeko orduan, lagun asko prest azaldu izan zaizkigu doan etortzeko edota erdia kobratuta. Baina emanaldiak egiteko-eta bestelako gastu batzuei ere aurre egin behar izaten diegu eta horiek ordaintzeko ere baliabideak behar izaten dira". Datorren urtean Tuba Jaialdia egingo badute, "beste baldintza batzuk" izan beharko dituztela gaineratu du Jimenezek.

Gabon Tuba kontzertua

Azpeitiko tuba eta bonbardino jotzaileek abenduaren 15ean, 12:00etan, Donostian Nestor Basterretxea plazan izango den Gabon Tuba kontzertuan parte hartuko dutela iragarri dute. Nazioarteko jaialdi honen zazpigarren edizioa izango da aurtengoa eta Euskal Herriko musika eskoletako tuba ikasle eta irakasleek parte hartzen dute. Aurtengo kontzertua Donostiako Musika eta Dantza Eskolak antolatutakoa izango da. "Jaialdi hau Donostian hasi genuen 2013an, eta ordutik urtero toki desberdinetan egin izan dugu: Donibane Lohizunen, Azpeitian, Hendaian, Urnietan eta Angelun. Aurten, Donostiara itzuliko gara", azaldu du Azpeitiko Metal Boskoteko kideak. Kontzertuaren ondoren parte hartzaileek Donostiako Sansustene elkartean bazkaria egingo dute. Parte hartu nahi dutenek tubaialdia@gmail.com helbidera idazteko eskatu dute.