Aitor Expositok egingo du sansebastianetako haurren danborradako karroza

Uztarria.eus | Festak
2019ko abe. 4a, 11:36

Epaimahaiak Expositoren proiektua aukeratu du, gaia "modu egokian, profesionalean eta eguneratuan" landu duelako. Baserriko bizimodua, belaunaldiak lotu dituen uzta da San Sansebastian eguneko umeen danborradan aterako den karrozaren gaia. 1.500 euroko saria eskuratu du azpeitiarrak.

2019ko sansebastianetako karrozaren irudia.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Aitor Expositok egingo du 2020ko sansebastianetako haurren danborradako karroza, Azpeitiko Udaleko Festa Batzordeak hala erabakita. Proiektu bat baino gehiago aurkeztu dituzte aurten herritarrek karrozaren lehiaketara, eta epaimahakideek Expositoren proiektua hautatu dute proposatutako gaia modu "egoki, profesional eta eguneratuan" aurkeztu duelako. Hain zuzen ere, Baserriko bizimodua, belaunaldiak lotu dituen uzta da datorren urteko karrozaren gaia. Horrenbestez, Expositok 1.500 euroko diru saria jasoko du. Udalak eskerrak eman dizkie lehiaketara proiektuak aurkeztu dituzten herritar guztiei, egindako ahaleginagatik eta lehiaketan parte hartzeagatik.

Aurtengo sansebastianetako karroza Nekane Azpiazuk egin zuen, Lagun Onak Futbol Taldea 75 urte. 1944-2019 gai hartuta. Kirol taldeak 75. urtemuga bete du aurten, eta klubaren ibilbidea oinarri zuen lana gauzatu zuen azpeitiarrak. Duela bi urteko karroza ere Azpiazuk berak egin zuen Sokamuturraren 500. urteurrena gaiaren bueltan.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu