Euskara ikasi eta bizi duten herritarrek elkarrekin ospatu dute Euskararen Eguna

Uztarria.eus 2019ko abe. 3a, 22:18

Sanagustin kulturgunean elkartu dira gaur, Euskararen Egunean, Udal Euskaltegiko ikasleak, irakasleak eta arduradunak, Mintzapraktikan aritzen diren lagunak eta boluntarioak, Etorkizun programan parte-hartzen ari diren gaztetxoak nahiz beste hainbat eta hainbat herritar. Euskarak elkartu ditu, baita gaurkoan ere. Azpeitiko Udalak antolatuta, Euskararen Eguna ospatzeko ekitaldi xume bezain polita egin dute Sanagustinen, eta bertan elkartu dira denak, 18:30ean. 

Euskara, musika eta dantza izan dira gaurko protagonistak, baita era batera edo bestera euskaraz ikasten ari diren edo ikasi duten herritarrak ere. Horregatik, Eneritz Albizu Euskara batzordeburuak eskerrak eman dizkie euskaldun izateko urratsak egiten ari diren horiei guztiei: "Urrian hasi zenuten ikasturte berria, eta aurten ere asko zarete euskara ikastera edo zuen maila hobetzera animatu zaretenak. Udal euskategian maila baxuenetik hasi eta altuenera artean, maila guztietan sortu dugu taldea, eta hori zuen prestutasunari esker izan da. Dagoeneko ehun lagunetik gora gara euskaltegian. Horiez gain, beste hainbat herritar zabiltzate mintzapraktiketan, maila desberdinetan banatuta. Euskara ikasten duzuenon artean aniztasuna ikusten dugu. Ez nuke inor ahaztu nahi. Espainiakoak, Kataluniakoak, Argentinakoak, Bielorusiakoak, Portugalgoak, Ekuadorkoak, Nikaraguakoak, Dominikar Errepublikakoak, Guatemalakoak, Aljeriakoak, Honduraskoak, Txilekoak, Nigeriakoak, Kolonbiakoak, Venezuelakoak, Marokokoak, El Salvadorkoak, Ukraniakoak, Perukoak, Belgikakoak eta Brasilgoak. Mila esker gure herrira etorri eta euskarari balio emateagatik. Gu euskaraz gara, baina zuek guztion hizkuntzetan ere bagara". Baina Albizuk modu berezi batean eskertu nahi izan du Azpeitira etorri eta euskara ikasten ari direnen ahalegina. Atzerritik herrita etorritako ikasleen hizkuntzetan eman ditu eskerrak, eta hamahiru hizkuntzetan esan du "eskerrik asko". 

Azpeitiko alkate Nagore Alkortak ere hartu du hitza gaurkoan. Alkortak hizkuntza bakarrean hitz egin du: euskaraz. Baina hark ere eskerrak eman dizkie munduko hainbat txokotatik Azpeitira etorri eta egunero-egunero euskara ikasteko ahalegina egiten duten guztiei: "Eskerrik asko Azpeitia, Euskal Herria eta euskal kultura euskaratik ezagutu eta sentitzeko egiten duzuen ahaleginagatik. Guretzat, euskara etxean ikasi dugunontzat, ezinbestekoa da gurera datozenen artean euskara zabaltzea, eta zuek ere beharrezko zaituztegu aurrera egiteko. Azpeitia euskararen arnasgunea da, herri euskalduna da oso, baina horrela izaten jarrai dezan, ezinbestekoa da euskara zabaltzea, euskaraz aritzea, euskara gure munduen arteko zubi izatea". Etorkinei ez ezik, beren euskara hobetzeko euskaltegira joaten diren euskaldunei eskerrak eman dizkie Alkotak, baita euskaltegiko langileei ere: "Zuek zarete etortzen direnei mundu bat, hizkuntza bat eta kultura bat ezagutarazteko zubia". 

Udal Euskaltegian aritzen diren lagunek bideo bat egin dute gaurko ekitaldirako. Bideoan, beraientzat euskara zer den azaldu dute. Bideoa, hemen: