Euskararen itsaso zabalean tanta izan nahi dutela aldarrikatu dute herriko hainbat enpresak

Uztarria.eus 2019ko abe. 3a, 18:16

Eleguneren bidez euskararen normalizazioan lanean ari diren enpresek ere bat egin dute Euskararen Egunarekin, eta hainbat langileren irudiekin Guk ere itsaso urdin eta zabalean tanta izan nahi dugulako izeneko bideoa osatu dute. Euskara Patronatuaren bidez enpresen munduan euskararen normalizazioan eragiteko jarri zuen udalak martxan Elegune, 2006an. Proiektu horren xedea da Azpeitiko enpresei hizkuntza kudeaketa egokiena lortzen laguntzeko zerbitzu profesionala eta integrala eskaintzea, hala nola enpresetan euskarari dagokion tokia egiteko eta hizkuntzari funtzionaltasuna emateko. Elegunek horretarako laguntza eta baliabideak jartzen ditu enpresen eskura, eta eta horietan euskara planak garatzen ditu. Gaur egun, herriko zazpi enpresak dute euskara plana txertatzeko kudeaketa plana martxan. Gainera, horietatik hiruk –Kimu Bat, Abelur eta Landeta Burdinlanakek– goi mailako Bikain ziurtagiria dute. Landeta Burdinlanakek aurten eskuratu du ziurtagiria, eta datorren astean jasoko du dagokion diploma.