Ikastetxeetan nahiz kalean ospatu dute Euskararen Eguna herriko ikasleek

Uztarria.eus 2019ko abe. 3a, 18:59

Euskararen Eguna da gaur, abenduak 3, eta urteroko ohiturari jarraituz, hori ospatzeko askotariko ekintzak egin dituzte Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain, Iraurgi Ikastetxean eta Urola Ikastolan. Mailaz maila eta ikastetxez ikastetxe era guztietako jarduerak egin dituzte egun guztian zehar: musika eta dantza emanaldiak, kalejirak, aurpegi margoketak, hamaiketakoa eta bazkaria, ikasgelen apainketak, hitzaldiak, jolasak...

Ikastetxetik kanpora ere eraman dute euskararen aldeko aldarria. Goizean, Urolako DBH 1. mailako ikasleak kalera atera dira Euskararen Eguna ospatzera, eta euskaraz hitz egitearen garrantzia aldarrikatzera. Horretarako, herriko zenbait txokotan argazkiak atera dituzte Urola Ikastolan euskaraz lelopean. Ondoren, tikitilariekin kalejira egin dute, eta bukatzeko argazki jendetsua atera dute ikasle guztiek elkarrekin. Iraurgi Ikastetxeko DBHko ikasleak ere irten dira kalera, eta kalejira egin dute Santutxo auzoan zehar. Ikasberriko nahiz Karmeloko ikasleak ez dira kalera atera, baina ikastetxean denetariko ekintzak egin dituzte Euskararen Eguna ospatzeko. Ikasberrikoek, urtero gisan, Mari Domingiren bisita jaso dute gaurkoan. Iraurgikoek, aldiz, Rokitxorena. 

Azpeitiko ikasleek abestuz, dantzatuz eta euskaraz hitz eginez agurtu dute Euskararen Eguna, hurrengo urtera arte.