Beñat Lizaso: "Puntuazioak entzutean ez nekien barre egin, negar egin edo saltoka hasi"

Uztarria.eus 2019ko abe. 2a, 13:56

Atzo jokatu zen Tolosan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa. Bi azpeitiar aritu ziren kantuan, Beñat Lizaso eta Jokin Uranga, eta biek sentipen oso desberdinak bizi izan zituzten agertokian. Horren erakusle da Lizasok finalerako txartela eskuratu izana, eta Uranga finalaren atarian gelditu izana. Bi bertsolariekin hitz egin zuen Erlo Telebistak saioa bukatzean, eta arratsaldeak utzi zuenaren errapasoa egin zuten haiek.

Lizaso pozarren zegoen, berea erakutsi zuelako: "Lasai etorri naiz, lasai jardun dut, sei puntuko motzean aritu naiz pixka bat narrastuta, baina bukatzean daukadan sentipena da nirea erakutsi dudala eta ni horixe naizela". Atzoko saioan ez zuela sufritu ere aitortu zuen Lizasok mikroaren aurrean, baita egindako lanarekin "gustura" zegoela ere. "Sentipen onak izan ditut saioa bukatzean". Gai-jartzailea puntuazioak jakinarazten hasi zenean mugitu zitzaion barrena lehen aldiz Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalean ariko den bertsolariari: "Bigarrenaren puntuak entzun ditudanean, hirugarrenak 469,5 puntu esan duenean... etorri zait halako subidoi bat! Puntuazioak entzutean zz nekien barre egin, negar egin edo saltoka hasi". Finalera "zerbaitegatik" iritsi dela eta han kantatzeko maila baduela erakutsi nahi du Lizasok: "Eta disfrutatzea nahi dut. Plaza ikaragarria izango da, eta finalean ariko naizela barneratutakoan, gozatzera".

Urangari ez zitzaion atzoko saioa nahi bezala atera. Hala aitortu du, saioan "gaizki" pasatu duela esanda: "Ustez oso kontzentratuta hasi naiz, hamarreko handian oso gustura aritu naiz, baina gero tenplea galdu dut. Nire lekua ez dut bilatu, eta ez naiz batere eroso sentitu. Handik aurrera, saio guztian oso gaizki pasatu dut". Txapelketan egindako lanaz balorazio positiboa egin badu ere, atzoko saioan eskainitakoarekin "pena" duela esan du. "Finalera bai edo ez aparte lagata, pena da plaza handienean hain gaizki pasatu izana, baita inguruko jende askori hain gaizki pasarazi izana ere".