Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean izango da Beñat Lizaso

Uztarria.eus | Kultura
2019ko abe. 1a, 19:32

Tolosako Usabal kiroldegian izan da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa, eta Lizaso hirugarren sailkatu da. Dena den, bildu dituen 469,5 puntuak aski izan zaizkio azpeitiarrari finalera sartzeko. Jokin Urangak ez du gaurkoa arratsalderik onena izan; finaletik kanpo gelditu da azpeitiarra, lan txukuna egin badu ere.

Beñat Lizaso kantuan gaurko saioan, Jokin Uranga ondoan duela.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Beñat Lizasok kendu du Tolosarekin zuen arantza; izan ere, gaurko finalaurrekoan lortu dituen puntuak tarteko, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalean izango da azpeitiarra. Saioaren hasierako agurrean aipatu duen moduan, Tolosaren alde goxoa zen probatzeko gelditzen zitzaion bakarra, txapelketan herri horretan kantatu duen gainerako bi aldietan seigarren sailkatu baita. Eta gaur alde goxoa erakutsi dio jendez leporaino bete den Usabal kiroldegiak, hirugarren sailkatu da eta.

Giroa bero zegoen kiroldegian, gaurkoa txapelketako azken finalaurrekoa zelako eta jokoan asko zegoelako. Azpeitiar ugari joan da Tolosara agertokian ziren bi herrikideak, Lizaso eta Jokin Uranga, animatzera, eta txalo zaparradarik nahiz animo mezurik ez zaie falta izan ez batari, ez besteari: kiroldegiko horma batean bi azpeitiarren aldeko pankartak ikus zitezkeen. Zozketak hala erabakita, hasierako agurrak kantatu dituzten lehen bi bertsolariak azpeitiarrak izan dira, eta lehen ofizioa elkarrekin egin dute.

Saio, oro har, gorabeheratsua izan da; bertsoaldi onak nahiz erdipurdikoak entzun ahal izan dira agertokian izan diren sei bertsolarien ahoetatik. Jon Maia aise nagusitu da; zumaiarrak 494,5 puntu batu ditu, eta zuzenean sailkatu da finalera. Haren atzetik sailkatu dira Oihana Iguaran (471 puntu) eta Beñat Lizaso (469,5), eta bi bertsolari horiek ere finalerako txartela eskuratu dute jaso dituzten puntuei esker. Lizasok saio orekatua egin du, bertso ale politak utziz; zortziko txikian eta puntuka aritu da ondoen azpeitiarra.

Urangari aurpegi peltral antzekoa agertu dio Tolosak gaurkoan; hark ezin izan du finalerako txartela lortu. Lan txukuna egin du azpeitiarrak saioan, hamarreko handian eta kartzelako lanean batez ere, baina ez du finalera sailkatzeko behar adina puntu eskuratu. Hain zuzen ere, 456,5 puntu jaso ditu Urangak, eta finalerako txartelen puntuazio langa Nerea Elustondok jarri du 467 punturekin. Urangaren ostean sailkatu dira gaur Iban Urdangarin (444 puntu) eta Haritz Mujika (432 puntu).

Bertso onak utzi dituzte

Hamarreko handian egin dute lehen ofizioa bertsolariek, eta zozketak hala erabakita eta Saroi Jauregi aurkezleak gaia jarrita, honako ideia honi tiraka hasi dira Uranga eta Lizaso: "Zuen bigarren etxebizitza alokagai jarri duzue. Ijito-familia bat azaldu da alokatzeko prest. Haiei ez alokatzea erabaki duzue". Gai deliatua zen, baina beren rolak ondo hartu dituzte bi bertsolariek, eta Uranga errazago aritu bada ere, biek laga dituzte ateraldi onak. Urangak, esaterako, hala bukatu du bigarren bertsoa: "Deitu arrazista, deitu kabroia, deitu nahi dezuen dana/ baina arriskuan ez det jarriko hainbeste kosta zaidana". Eta azken bertsoetan ere oso ondo aritu dira biak. Uranga: "Honen errudun zein da, ordea, gu biok ala sistema/ denok dakigu ijitoekin badago hainbat problema./ Gu kritikatzen ari zarete, gaizki egin dugu dena/ barruan senti dezakezue amorrua eta pena/ hainbeste maite badituzue utzi ezue zuena". Eta Lizasok ofizioa bukatzeko: "Mundu honetan kritiketatik nahiz ta inor ez den salbu/ alokatzeko ez det nik behintzat borondaterik azaldu/ neuk erabaki beharko det ba atea zeini zabaldu/ ijitoekin denborarikan ez det nahi inola galdu/ nik neregatik askoz nahiko det hautsak estaliko balu".

Bigarren lanean, zortziko txikian, Haritz Mujikarekin aritu da Uranga, lanera joan aurretik korrika egitera kiroldegira joan den pertsonaren paperetik. Dena den, lan horretan ez du gehiegi asmatu Urangak. Lizasok bertsoaldi ona egin du Oihana Iguaranekin. Haiek biek, bikote izanik, beren datuak ligatzeko aplikazio batean sartu dituzte bateragarritasun portzentajea jakin ahal izateko. Lizaso oso ondo aritu da, bertsoaldia horrela hasita: "Aplikazio honek grazi pixkat badu/ konparaketa hori jarriz gure kargu/ ehuneko bostean gelditu gara gu/ orduan meritua doblea daukagu". Barre algararik eragin dute bi bertsolariek.

Seiko motzean aritu dira irristakorren bi azpeitiarrak, baina puntutan hobeto aritu dira biak ala biak. Urangari inauterietako karrozaz abestea egokitu zaio, eta ez azpeitiarrak, ez Iban Urdangarinek ez dute ideia faltarik izan. Lizasok, berriz, sukaldaritza programa bateko epaimahaikidearen roletik abestu du Jon Maiarekin batera, eta biak oso bizi aritu dira.

Kartzelan ere oso egoki aritu dira Uranga eta Lizaso. Honako hau izan da gaurko saioko kartzelarako gaia: "Telefonoak jo du. Begiratu duzu, eta berriz zenbaki bera da". Urangak alaba espetxetik atera berri den aitaren paperetik abestu du, bertsoak ondo josiz. Aipatzekoa da, adibidez, haren hirugarren bertsoa: "Neure buruari bitan egin diot atxumurra/ sinestu nezan dei hori zinez ez zela gezurra/ etxean sartu zara ta dardarka hasi da lurra/ hau ez nuelako biziko noski baneukan noski beldurra/ denbora luze joan da, distantzia ez zen laburra/ arren laztandu ezazu nire aurpegi simurra/ zure ondoan bizi nai dut geratzen zaidan apurra".

Lizasok guztiz bestelako bidea hartu du: hark deiari berebiziko garrantzia eman dio, hirugarren bertsora arte sorpresa mantenduz. Lanean ari den eta emaztea deitzen ari zaion gizonaren ikuspegia hartu du, deia hartzerik ez duela esanda. Hirugarren bertsoan argitu du, baina, emaztea zergatik ari zitzaion hots egiten: "Pentsatu arren ez badut hartzen dela neretzat kaltera/ hartu edo ez da barruan darabilkidan galdera./ Berdin-berdin zait zer den enpresak hartuko duen jarera/ erantzutea da azkenean nik egin dedan aukera/ hirugarrengo ume bat dator, berriz familia gera/ lana bihar ere hor egongo da, ni banijoa etxera".

Bukaerako agurrean bai Lizasok, bai Urangak zentzu desberdinetan baina barkamen hitzak izan dituzte agurretarako gai. Urangak bera maite duen jendeari abestu die agurra: "Aupa denoi ta bereziki Beñat biba/ mila ta bostehun lagun Tolosan guztira/ maite nauen jendea hor neukan begira/ ta nik ezin erantzun nahi nuen neurrira/ gehiena izorratzen didana hori da". Lizasok, berriz, txapelketatik agurtzekoa zelako eskatu die barkamena etxekoei, finalerako txartela lortu izanak eman dion poza ezkutatu ezinik: "Agurrik ez nun prestaturik ta oaintxe estu det barrena/ aprobetxatuz eskatzen diet etxekoei barkamena/ zin egin nien aurtengoa bai, aurtengoa azkena/ lehenik saio bat, gero beste bat, gaurkoa ta datorrena/ azkenengoa dedala baino bukatzea nahi ez nukena".

Hona hemen, gaurko saioko puntuen taula:

Finala abenduaren 14an

Finalean ariko diren zortzi bertsolariak zeintzuk diren zehaztuta dago finalerdien fasea bukatuta. Horrenbestez, abenduaren 14an, larunbatez, Donostia Arenan (Ilunbe) kantatuko dute Agin Laburuk, Beñat Gaztelumendik, Jon Maiak, Alaia Martinek, Ane Labakak, Oihana Iguaranek, Beñat Lizasok eta Nerea Elustondok. Finala 17:00etan hasiko da, eta harako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eros daitezke.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu