Gipuzkoako txapelketa ere jokoan izango da 2020ko Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian

Uztarria.eus 2019ko aza. 29a, 16:30

Gipuzkoako txapeldunak izendatzeko balioko du datorren urteko Azkoitia eta Azpeitia arteko maratoi erdiak. Proba horretan parte hartu nahi dutenek Gipuzkoako Atletismo Federazioan eman behar dute izena.

Aurreko edizioetan bezala, 2020an ere Azkoitia-Azpeitia probaren barruan jokatuko da Gipuzkoako atletismo txapelketa. Lurraldeko sariketan lehiatu nahi duten atletek aurrez izena eman behar dute Gipuzkoako Atletismo Federazioan (GAF); gainerako korrikalarientzako izen ematea irekita dago. Datorren martxoaren 28an izango da nazioarteko maratoi erdia, eta goi mailako korrikalariak etortzeaz gain, Gipuzkoako txapeldunak izendatuko ditu.

Gipuzkoako txapelketan parte hartzeko, federatuta egotea eta gutxieneko denborak baieztatzea ezinbestekoa izango da. Gizonezkoetan, maratoian 2:45:00, maratoi erdian 1:15:20 edo 10 kilometroetan 00:33:00 dira federazioak eskatzen dituen gutxienekoak; emakumezkoetan, berriz, 3:24:00, 1:35:00 eta 00:43:00, hurrenez hurren.