Aurkeztu dute Lagun Onak futbol klubaren 75. urteurreneko liburua

Uztarria.eus 2019ko aza. 28a, 21:00
Arruti zinegotzia, Arregi presidentea eta Fernandez idazlea.

75. urteurreneko ekintzetan murgilduta jarraitzen du Lagun Onak klubak, eta gaur, osteguna, klubaren azken 25 urteotako ibilbidea jasotzen duen liburua aurkeztu dute, Sanagustin kulturgunean.

Lagun Onak futbol klubaren 75. urteurreneko liburuak gaur, osteguna, ikusi du argia. Eregi komunikazioa eta euskara arduratu da liburua egiteaz, eta idatzi Kristina Fernandez kazetariak egin du. Klubeko zein Udaleko ordezkarien, jokalarien, entrenatzaileen, zein jarraitzaileen aurrean Sanagustin kulturgunean aurkeztu dute futbol klubak azken 25 urteetan izan duen ibilbidea jasotzen duen liburua.

Kristina Fernandez kazetariak idatzi du Eregi taldeak egindako liburua. Iñigo Arregi Lagun Onak taldeko presidenteak 75 urte islatzeko liburua ateratzeko zegoen beharrean egin du azpimarra. Futbola bihotzean, balioak zelaian da liburuaren izena. "Horrek izan behar zuen zalantzarik gabe liburuaren izenburuak, zuzendaritzan garrantzia ematen diogu-eta gaiari", azaldu du presidenteak. Presidentearen hitzetan, "oso lan ona" egin dute egileak eta idazleak, eta unea baliatu du guztiei eskerrak emateko. "Eskerrak eman dizkiegu enpresei eta erakundeei, bereziki Azpeitiko Udalari. Eskerrak, era berean, Eregi taldeari, iruditzen zaigulako oso lan zaila egin dutela; dokumentazio lan handia egin behar izan dute, gauza asko bilatu, ate asko jo, ordu pila bat pasa…". Kristina Fernandez Lagun Onak taldearen liburuaren idazleak, bien bitartean, liburuan parte hartu duten guztiak eskertu ditu. "Denon artean oso gertukoa den liburua osatu dugu", azaldu du idazleak. "Iñaki Martinezek eta Yuri Agirrek sekulako lana egin dute diseinu eta argazki aldetik", gehitu du gero Fernandezek. Bere hitzartea amaitzeko, Iñigo Agirre presidenteari eta bere lantaldeari eskerrak eman dizkio liburua idazteko izan duen "askatasunagatik" eta "emandako konfiantzagatik". Fernandezentzat "urte gogorra" izan da, baina era berean, "oso polita" izan dela gehitu du. "Egindako lanak merezi izan duelakoan, espero dut guztion gustukoa izatea". Behin liburuak argia ikusita, klubaren asmoa da liburua ahalik eta etxe gehienetara iristea. Arregi presidentearen iritziz, liburua "kalitate handikoa" da. "Liburua hartu, ikusi eta gozatuko duzue", adierazi du. 10 euroan salduko dute.

Egoitz Arruti Azpeitiko Udaleko kirol zinegotziak aurkezpena hastean klubeko ordezkariak, entrenatzaileak, jokalariak eta ikusleak zoriondu ditu. "Liburuan azken 25 urteetako gertaerak eta gorabeherak jaso dituzte, eta horiei gehitu nahi nieke egunero Garmendipe inguruan hainbatek egiten duen lana. Lan horri esker, balio ugari lantzen dira bertako kideen artean, eta lortu dute pixkanaka herriko eragile oso indartsu bat izatea", azpimarratu du Arrutik. Lagun Onak Azpeitiko "historian txertatu" dela azaldu du zinegotziak, "Azpeitiaren historiaren zati" dela, eta Euskal Herriko hainbat herritan Lagun Onaken izenean "herriaren izena zabaldu" dela gehitu du. "Erakutsi dute azpeitiarrak nolakoak garen eta zer den Azpeitia. Erreferente bilakatu dira herriaren zabalkudean", azaldu du.

Hainbat pasarteko liburua

75. urteurreneko liburua aurkeztu du futbol klubak gaur. Arregi presidenteak azaldu duenez, liburuaren lehen zatian, klubaren lehen 50 urtetako laburpena dago eginda, aurrez kaleratu zuten liburuaren laburpena. Zati horri azken 25 urteretako historia gehitzen saiatu dira. Liburuan nabarmentzekoak dira, besteak beste, gizonezkoen taldeak egindako lorpenak, emakumeen taldeak 25 urtean izan duen bilakaera, harrobia, futbol eskola, boluntarioak eta zaleak.

75. urteurrenaren barruan, bihar, ostirala, afaria egingo du Lagun Onak taldeak. Halere, oraindik argitaratu ez duen Izen eta izan ipuinari eman dio garrantzia Iñaki Arregi presidenteak. Hark azaldu duenez, Alaitz Olaizolak idatzi du lana eta Iban Izagirrek ilustratu. "Oraindik ez dago erabakita noiz izango den aurkezpena, baina urtarrilaren hasieran aurkeztea espero dugu", azaldu du. "Liburu oso ona da, gure helburuak eta gure umeek ikastea nahi ditugun balioak ondo jasotzen dituelako", gehitu du, azkenik, Arregik.