Urrestillako bidegorriaren lanak, azken txanpan

Uztarria.eus 2019ko aza. 28a, 16:50

Azpeitia eta Urrestilla lotuko dituen bidegorriaren lanak azken txanpan sartu dira. "Urtea bukaerarako amaituta egon behar du obrak", Aitor Bereziartua zinegotziaren esanetan, eta epe hori betetzeko moduan izango direla dirudi. Landetako Aginetxe baserriaren paretik Urrestillako herriguneko sarrera bitartean, zati gehientsuenak bukatuta daude. Bidegorria errepidetik edota ibaitik banatzeko segurtasun elementuak ere jarrita daude ia bide osoan, baita argiak ere, eta egunotan jarri dituzte Larrañagako bidegurutzean semaforoak; oraindik ez dituzte piztu, baina horiekin zuzenduko dute bidegorriak errepidea gurutzatuko duen guneko segurtasuna.

Iaz Atxubiagako biribilgunea eta Landetako okindegi zaharraren arteko bidegorriaren lehen zatia egin ostean, joan den apirilean hasi zituzten bigarren fasearen lanak. Tartean, izan dute etenaldiren bat obrek, baina epe motzean bidegorria erabilgarri izango da. Bereziartuak zehaztu du, hori bai, ezin dutela aurreratu noiz inauguratuko duten. Lanak udalak esleitu zituen, baina Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardurapekoa da bidegorria, aldundiak kudeatutako Gipuzkoako Bidegorrien Sarean txertatuko baitute. "Lanak bukatu ondoren, aldundiari emango dizkio udalak, eta erakunde hark jasotakoan zehaztu beharko da irekiera", azaldu du Azpeitiko Udaleko zinegotziak.