Hirigintza planen hizkuntza eragina aztertu beharko dute udalek

Uztarria.eus 2019ko aza. 28a, 13:03

Eusko Jaurlaritzaren dekretu berria tarteko, Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egin beharko dute legez Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerriek. Azpeitiko Udalak hirigintza plan orokorrean ez, baina plan partzial batzuetan egina du ebaluazioa. ELEren emaitzen arabera, eremu horietako etxebizitzek "nahiko eragin positiboa" izango dute herriko euskararen bilakaeran.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalek legez egin beharko dute aurrerantzean Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko (HAPO) Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE), proiektu zehatzek herrien egoera soziolinguistikoan izan dezaketen eragina neurtzeko eta, beharrezkoa balitz, neurri zuzentzaileak hartzeko. 2016an hartu zuen ELEk lege izaera, Euskal Autonomia Erkidegoko Udal Legea onartu zenean, baina jaurlaritzak argitaratu berri duen dekretuaren bitartez, aurrerantzean beharrezkoa izango da ebaluazio hori egitea.

Urola Kostako herrietan ari dira dagoeneko pausoak ematen gaiaren inguruan. Orio izan zen lehenengotarikoa HAPOari ELEa egiten: herriko hiru esparrutan etxebizitza dezente eraikitzea aurreikusten zen herrian, eta horren eragin linguistikoa aztertu zuten. Azpeitian, berriz, indarrean den hirigintza planari ez zioten ELErik aplikatu, baina plan partzial batzuetan egin dute ebaluazioa; hain zuzen ere, Esklabak-Iturtzulo eta Alberdienea eremuetan.

Azpeitian 2018 eta 2022 urteen artean eraikiko dituzten etxebizitzek eragin dezaketen inpaktu linguistikoa aztertu zuen udalak iaz, Uemaren laguntzarekin. Erakundeak etxebizitza publikoak eraikiko dituzten eremuetan egin zuen ebaluazioa, baita etxebizitza libreak egingo dituzten tokietan ere. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Uemak orain dela bi agintaldi garatu zuten ELE, esku hartze batek izan dezakeen eragin linguistikoa aztertu ahal izateko.

Datozen urteetan Azpeitiko hainbat tokitan eraikiko dituzte etxebizitzak –batzuk eraikitzen hasi dira dagoeneko–, hala nola Esklabetan, Esklabak-Iturtzulo eremuan, Alde Zaharrean, Frontoi Txikiaren ondoan, Bustinzuriko Errebalean eta Alberdienean. ELErekin aztertu dute gune horietan etxeak eraikitzeak zer eragin izan ditzakeen herriko hizkuntz errealitatean.

Euskararen arnasgunea da Azpeitia; izan ere, 2016ko euskararen ezagutza datuen arabera, azpeitiarren %83,67 da euskalduna. Dena den, azken hogei urteotan 3,7 puntu egin du behera euskaldunen zenbatekoak. ELEren emaitzen arabera, etxebizitzek "nahiko eragin positiboa" izango dute herriko euskararen bilakaeran.