Jokin Uranga eta Beñat Lizaso, kantatzeko prest eta finalera begira

Uztarria.eus 2019ko aza. 29a, 11:47

Bi azpeitiarrek igandean abestuko dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken finalerdian, Tolosan. 17:00etan hasiko da saioa, eta Urangarekin eta Lizasorekin batera kantatuko dute Oihana Iguaranek, Jon Maiak, Iban Urdangarinek eta Haritz Mujikak. Saiorako sarrera guztiak agortuta daude, eta ikusmina handia da; finalerako txartelak jokoan daude.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa hasi da bukaerara iristen: azken finalaurrekoa izango da igandean Tolosako Usabal kiroldegian (17:00). Bi azpeitiar ariko dira han kantuan, finalerako txartelaren bila; hain zuzen ere, Jokin Urangak eta Beñat Lizasok txapelketaren azken fasera iristea lortu dute. Horiekin batera abestuko dute igandeko saioan Oihana Iguaranek, Jon Maiak, Iban Urdangarinek eta Haritz Mujikak.

Saiorako sarrera guztiak agortuta daude, eta ikusmina handia da; izan ere, igandeko finalaurrekoaren irabazleaz gain –zuzenean sailkatuko da finalera–, puntuazioaren arabera ere eskura dezateke finalerako txartela. Azpeitiarrek badituzte finalera sartzeko aukerak, lehia irekita baitago.

Finalerdietara sailkatu berritan hitz egin zuen Uztarriak Lizasorekin, eta hark azaldu zuenez, badu arantzatxo bat Tolosarekin: "Lehen ere bitan abestutakoa naiz han, eta bietan seigarren egindakoa. Uste dut badela garaia finalarekin obsesionatu gabe finalera begira borroka egiteko". Izan ere, Lizasoren arabera, orain da demostratzeko unea: "Hurrengo fasera merezita iritsi garela eta finalerdietan kantatzeko maila badugula erakutsi behar dugu".

Urangarekin ere hitz egin zuen Uztarriak final-laurdenak bukatzean, eta hark adierazi zuenez, dimentsio aldaketa dago final-laurdenen eta finalerdien artean. "Inork ez du ziurtatuta finalera pasatuko denik, ezta pasatuko ez denik ere; finalera pasatzea nahi duenak bertsotan egin beharko du".

Honako lotura honetan irakur daiteke finalerdien atarian Jokin Urangarekin eta Beñat Lizasorekin hitz eginda Uztarriak osatu zuen albistea.