Euskal sortzaile berriei bultzada emango die Zubi egitasmoak

Uztarria.eus 2019ko aza. 28a, 15:29
Zubi egitasmoaren V. deialdiaren aurkezpeneko irudia, joan den astean. (Kulturaz kooperatiba)

"Pozarren" aurkeztu dute Azpeitian eta Zumaian lur hartuko duen proiektua. Euskal artistei "profesionalizaziorako bidea erraztu" nahi diete sustatzaileek. Horrenbestez, artistei eta konpainiei euskal antzerki obrak sortzeko laguntza eskainiko diete.

Joan den astean aurkeztu zuten Zubi egitasmoaren bosgarren deialdia, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Hain zuzen ere euskal antzerki sortzaile berriei laguntzeko sortu zuten egitasmoa 2012an, eta bosgarren edizioarekin Azpeitian eta Zumaian hartuko du lur proiektuak. Aurkezpenean izan ziren Aitor Bengoetxea Kulturaz kooperatibako kidea eta Miriam Romatet Zumaiako Udaleko Kultura teknikaria, eta haiek "pozarren" aurkeztu zuten proiektua.

Euskal sortzaile berriei bultzada emateko egitasmoa da Zubi, eta Azpeitiko Kulturaz kooperatibak nahiz Aita Mari antzokiak artistei eta konpainiei euskal antzerki obrak sortzeko laguntza eskainiko diete, Durangoko San Agustin Kulturgunearekin, Kultur Leioakekin, Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoarekin, Zornotza Aretoarekin, Elorrioko Arriola Antzokiarekin, Hendaiako Mendi Zolan Kulturgunearekin eta Artedramarekin batera.

Formatu txiki eta ertainak

Hastapen prozesuan dauden aretoko eta formatu txikiko edo ertaineko proposamen artistiko berritzaileen bila ari dira egitasmoaren sustatzaileak. Ekimenaren bidez, euskal artistei eta konpainiei "profesionalizaziorako bidea erraztu" nahi diete antolatzaileek, "sorkuntzaren beharretara egokituko den laguntza emanda". Hautatutako antzezlana sorkuntza prozesuan "babestu, bultzatu eta laguntzeko" konpromisoa hartu dute Zubi egitasmoko kideek. Azpeitiko Sanagustin kulturgunean egindako agerraldian azaldu zutenez, laguntza "orokorra" izango da, obrak dituen beharretara egokitutakoa.

Laguntza horren barruan, hautatutako obraren estreinaldia Zubiko partaide den antzokietako batean egiteko aukera eskainiko dute. Horrez gain, antzoki guzti horietan ere eskaini ahal izango dute sortzaileek obra. Antzezlanaz gain, sorkuntza prozesuko gastuak ordaintzeko ekarpen ekonomikoa egingo dutela iragarri dute sustatzaileek. Entseguak egiteko aretoak erabiltzeko aukera ere emango dute, baita egonaldiak egitekoa ere.

Proposamenak aurkezteko egitasmoaren Zubi.eus webguneko formularioa bete daiteke, edo ehkozubi@gmail.com helbidera formulario hori beteta bidali. Izena emateko azken eguna abenduaren 13a izango da, eta hautatutako antzezlanaren estreinaldia 2020-2021eko neguan egitea aurreikusi dute antolatzaileek.