Kultur sorkuntza ardatz duen Dapa ikus-entzunezko saioen bilduma aurkeztuko dute bihar Dinamoan

Uztarria.eus | Kultura
2019ko aza. 27a, 11:06

Datozen hilabeteetan, asteazkenero, sormena oinarri duen erreportaje bat sareratuko dute. Daparen saio horietako bakoitzak kultur-adierazpen edo sortzaile bat izango du ardatz. Dinamoa sormen gunea da proiektuaren habia, eta Kulturaz Azpeitiko Kultur Mahaiaren Kooperatibak eman dio forma egitasmoari. Bihar aurkeztuko dute proiektua Dinamoan, 20:00etan.

Dapa jaio da gaur, kultur-sorkuntza bizipozaren epizentroan jartzea xede duen ikus-entzunezko saioen bilduma. Saio horietako bakoitzak kultur-adierazpen edo sortzaile bat izango du ardatz. Dinamoa sormen gunea da proiektuaren habia, eta Kulturaz Azpeitiko Kultur Mahaiaren Kooperatibak eman dio forma egitasmoari. Uztailean hasi ziren lehen erreportajeak grabatzen, eta dagoeneko zortzi dituzte grabatuta. Yuri Agirrek, Ander Mujikak, Nora Alberdik, Iker Treviñok, Xabier Gantzarainek eta Aitor Bengoetxeak osatzen dute lan taldea. Jalgi euskal kulturaren plaza ibiltariak sustatutako proiektua da Dapa, eta Fagor Fundazioaren eta 2deo Ikus-entzunezko Laborategiaren babesa jaso du.

Lehen denboraldian hamasei erreportaje inguru sareratzea aurreikusten dute, eta gaur sareratu dute aurrenekoa, Juan Palacios zinegilearen inguruko erreportajea. Datozen hilabeteetan, asteazkenero, sormena oinarri duen erreportaje bat sareratuko dute dapa.eus webgunean eta Daparen sare sozialetan. Daparen lehen aurkezpen ekitaldia bihar, osteguna, egingo dute, 20:00etan hasita, Dinamoan. Bertan, ondorengo asteetan publiko egingo diren erreportajeak ikusi ahal izango dira. Abenduaren 6an, berriz, bigarren aurkezpen bat egingo dute Durangoko Azokako Irudienea gunean, 18:30ean hasita. 

Sorkuntza ikus-entzunezko narrazio bidez eta euskaraz kontatzera dator Dapa. Horretarako, ikus-entzunezkoen barrunbeak ere sormenetik marraztuko dituzte, "nortasun mutante eta forma aldakorrekin". Egileen hitzetan, "kultur-sormenetik bizi ditugun mundu puskak kamera eta mikroez lapurtu, forma propioa eman eta sarearen txirikordetan barrena zabalduko dira asteazkenero".

Hona hemen, teaserra:

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu