Azken egunak, Esklabak-Iturtzulo eremuko bigarren faseko babestutako etxebizitzen zozketan izena emateko

Uztarria.eus 2019ko aza. 27a, 11:47

Datorren astelehena, abenduaren 2a, izango da dokumentazioak udaletxean entregatzeko azken eguna. Zalantzaren bat dutenek Azpeitia Berritzenera jo behar dute.

Esklabak-Iturtzulo eremuan egingo dituzten babes publikoko etxebizitzen bigarren faseko zozketan izena emateko epea zabaldu zuten urrian, eta azken txanpan sartu da prozesu hori; izan ere, abenduaren 2a izango da udaletxean izena emateko azken eguna. Bigarren fasean 67 etxebizitza eraikiko dituzte; horietatik 39 babes ofizialekoak izango dira, eta 28 udal sustapenekoak.

Interesa dutenek zozketa batean, bestean nahiz bietan parte har dezakete, baldintzak betetzen badituzte. Zozketa bakoitzak bere prozedura du, eta udalak herritarrei gogorarazi die bietan izena eman nahi dutenek bi prozedura desberdin jarraitu behar dituztela.

Udal sustapeneko etxebizitzen zozketaren kasuan, izen-emate orria dokumentazioarekin batera entregatu behar da udaletxean. Babes Ofizialeko Etxebizitzen kasuan, berriz, Etxebiden alta eman behar da, erosketa aukeran (udalaren bidez egin daiteke tramite hori). Hori bai, edozein zalantzaren aurrean, kontsulta egitea gomendatzen du udalak.

Informazio gehiago

Etxebizitzen edo baldintzen inguruan zalantzaren bat dutenek edo izena emateko bete beharreko dokumentazioarekin laguntzaren bat behar dutenek Azpeitia Berritzenera jo behar dute (Sindikatu Zaharreko bigarren solairuan). Telefonoz edo e-posta bidez ere jar daitezke herritarrak harremanetan haiekin, 943-15 71 83 zenbakira deituta edota azpeitiaberritzen@azpeitia.eus helbidera idatzita.