Bengoetxeak eta Ezeizabarrenak agurtu dute Munoandiren udazkeneko zikloa

Uztarria.eus 2019ko aza. 27a, 09:33

Joxe Ramon Bengoetxea Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasle eta katedraduna eta Xabier Ezeizabarrena politikari eta legelaria solasean aritu ziren atzo arratsean Sanagustin kulturgunean, Munoandi elkarteak udazken honetarako prestatutako hitzaldi zikloaren barruko hirugarren eta azken hitzorduan.

Aurreko bi hitzaldietan unibertsitatea eta literatura ardatz izan baziren, Europako Batasuna izan zen zikloaren azken alerako aukeratutako hizpidea. Politika eta gizarte gai hainbat jorratu zituzten bi hizlariek, solasaldia gidatu zuen Ignacio Arakistainek proposatu ahala. European Way of Life. Bizimodu Europarra leloa erakusten zuen kulturguneko pantailak, eta bizimodu horren onurez eta gabeziez, eta Europak proiektu gisara aurrean dituen zailtasunez eta erronkez hitz egin zuten Bengoetxeak eta Ezeizabarrenak.