Parrokiara eta Madalenako baselizara bisita gidatuak antolatu dituzte astebururako

Uztarria.eus 2019ko abe. 2a, 11:00

Larunbaterako bisita gidatua antolatu dute Soreasuko Sebastian Donearen parrokiara, Ezkutuko Altxorrak egitasmoaren barruan. Igandean, berriz, Madalenako baselizara eta ospitalera egingo dute bisita. Aurrez izena eman beharra dago bisitetan parte hartzeko.

Ezkutuko Altxorrak egitasmoaren barruan bi bisita gidatu antolatu dituzte astebururako. Soreasuko Sebastian Donearen parrokiara bisita gidatua egingo dute larunbatean, abenduaren 7an. 12:00etan hasiko dute parrokiaren atarian. Bisita gidatu horretan Azpeitiko eliza nagusia ikusteko aukera izango dute bisitariek. Elizaren kanpoan Ventura Rodriguezen portikoa dago eta barruan San Inazioren bataio pontea. Horiez gain, XVI. mendeko hainbat erretaula eta Euskal Herriko harribitxi errenazentista garrantzitsuena den Bakardadeko kapera ikusiko dituzte bisitariek.

Iganderako, abenduaren 8rako, Madalenako ermitara eta ospitalera antolatu dute bisita gidatua. 12:00etan hasiko dute bisita Madalenako ermitaren aurretik. Kasu honetan, 1535 urteko Azpeitira bidaia historikoa egingo dute. "Garai hartan Loiolako Inaziok bere sorterrian egindako egonaldia ezagutzen lagunduko die bisita honek parte hartzaileei", adierazi dute antolatzaileek.

Asteburuko bi bisitetan gidari lanak Vicente Davila historialariak egingo ditu. Doakoa da parte hartzea, baina bisitetan parte hartzeko aurrez izena eman beharra dago info@ignaziotarlurraldea.com helbide elektronikora idatzita edota telefono zenbaki hauetako batera deituta: 943-72 20 42, 943-79 64 63 eta 943-15 18 78.