Zaintza nahiz garbiketa lanetan ibiltzen diren emakume langile egoiliarren esperientziak izan dituzte hizpide Gaztetxean

Uztarria.eus 2019ko aza. 25a, 19:41

Ikasle Abertzaleakek eta Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak antolatuta, Zaintza arloko emakume langileak borrokan solasaldia izan da gaur, azaroak 25, Azpeitiko Gaztetxean. Malen Etxeako emakumeak nahiz aterpetxean bizi ez diren beste hainbat emakume langile egoiliarrek hartu dute hitza gaurkoan, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunean, eta beren lan esperientziak eta bizipenak elkarbanatu dituzte Gaztetxera bertaratu direnekin. Emakumeenganako biolentzia "eraso fisikoez harago" doala adierazi dute, eta azpimarratu dute lan arloan ere "agerikoa" dela biolentzia, hainbat gertaera adibide gisa jarriz. Zaintza nahiz garbiketa lanetan ibiltzen diren emakume langile egoiliarren lan baldintzak ikusaraztearen eta jendea horretaz kontzientziatzearen garrantziaz mintzatu dira, besteak beste. Era berean, hizpide izan dituzte "biolentzia hori" elikatzen duten faktoreak, eta mahaigaineratu dute eraso mota horien aurrean langileen arteko elkartasuna antolatzea "ezinbestekoa" dela.