Abenduaren 9ra bitartean eman daiteke izena Gabonetako VIII. Erakusleiho Lehiaketan

Uztarria.eus 2019ko aza. 26a, 11:01
Iazko Erakusleiho Lehiaketako sari banaketako irudia.

Dagoeneko zabaldu dute lehiaketaren VIII. edizioan izena emateko epea, eta parte hartu nahi dutenek aski dute Bertan elkartearekin edo Turismo Bulegoarekin harremanetan jarrita. Izena emateko azken eguna abenduaren 9ra izango da, eta merkatariek egun horretarako jarri beharko dute erakusleihoa Gabon giroan atonduta. Epaimahaiak hiru sari banatuko ditu, eta Herritarren Saria ere banatuko dute. Abenduaren 27an izango da sari banaketa ekitaldia.

Hilabete baino gutxiago falta da Gabonetarako, eta azken urteetako ohiturari segituz, Azpeitiko Udalak nahiz Bertan merkatari elkarteak Gabonetako Erakusleiho Lehiaketa antolatu dute. Dagoeneko zabaldu dute lehiaketaren VIII. edizioan izena emateko epea, eta parte hartu nahi dutenek aski dute Bertan elkartera deituta (943-02 56 73 edo 688 82 39 44), bertan.azpeitia@gmail.com helbidera mezua idatzita edo Azpeitiko Turismo Bulegoarekin harremanetan jarrita (turismobulegoa@azpeitia.eus edo 688 87 48 61). Izena emateko azken eguna abenduaren 9ra izango da, eta merkatariek egun horretarako jarri beharko ddute erakusleihoa Gabon giroan atonduta. Gainera, lehiaketan parte hartu nahi duten saltokietako kideek erakusleihoaren argazki bat bidali beharko dute abenduaren 9rako Bertanera edo Azpeitiko Turismo Bulegora.

Abenduaren 27ra arte izan beharko dute merkatariek erakusleihoa ikusgai; izan ere, udalak eta Bertanek egun horretan banatuko dituzte aurtengo edizioaren sariak Sanagustin kulturgunean. Lau sari banatuko dituzte: irabazleak 600 euro jasoko ditu; bigarren sailkatuak 400 euro eta 200 euro hirugarrenak. Herritarren Saria ere izango da, eta iazko gisan parte hartu ahal izango dute herritarrek erakusleiho onenaren hautaketan. Lehiaketan parte hartuko duten erakusleiho guztien irudiak Facebooken eskegiko ditu Bertanek, eta Atsegin dut gehien eskuratzen dituen argazkiari dagokion saltokiak 200 euroko saria jasoko du. Gainera, botoa ematen duten herritarren artean ehun euroko erosketa bono bat zozkatuko dute lehiaketaren sustatzaileek.

Epaimahaia Bertaneko kide batek, udaleko zinegotzi batek eta aditu batek osatuko dute, eta horiek arduratuko dira irabazleak hautatzeaz. Epaimahaikideek lehen sentipena, konposizioa, modernitatea, sormena, berrikuntza, originaltasuna produktu/zerbitzuen konposizioa edo integrazioa, argiztapeana eta koloreen konbinazioa hartuko dituzte kontuan balorazioa egiterakoan. Kontuan har ditzaten, saltokiek parte-hartzaile txartela jarrii beharko dute erakusleihoan. Lehiaketaren bidez, merkatariak erakusleihoak atontzera animatzea eta herritarrak bertako merkataritza sustatzera bultzatu nahi dituzte Bertanek eta udalak.

Iazko edizioan Trapos dendak jaso zuen lehen saria, eta Sugoi delicatessen zein Inar optika izan ziren bigarren eta hirugarren sariak jaso zituzten saltokiak, hurrenez hurren. Herritarrek saria, berriz, Despentsa Naturalak eskuratu zuen. Aurreko urteko irabazleak parte hartu ahal izango du lehiaketan, baina ezingo du berriz ere lehen saria jaso.