Azaroaren 25aren harira Udal Gobernuak kaleratu duen adierazpena

Uztarria.eus 2019ko aza. 25a, 12:49
Udaletxeko balkoiaren irudia.

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, azaroak 25, eta Azpeitiko Udal Gobernuak bere egin du Azpeitia eta Euskal Herria indarkeria matxistarik gabeko herri gisa eraikitzeko ardura. Udal Gobernuak ohar bidez jakinarazi duenez, "lehetasunezko konpromiso politikoa" hartzen du indarkeria mota horren adierazpen guztien aurkako borrokan: "Horretarako, indarkeriaren jatorria jendarteko egituran kokatu beharra dagoela azpimarratu nahi dugu, eta beraz, ezinbestekoa da emakumeak libre biziko diren justizian eta berdintasunean onarritutako gizonen eta emakumeen arteko harreman ereduak eraikitzea".

Honako hau da Azpeitiko Udal Gobernuak gaurko egunaren harira kaleratu duen testua:

"Gaur egun, sistema patriarkala bere arauekin nagusitzen dela azpimarratu nahi dugu. Ordena hori soziala, kulturala, ekonomikoa eta sinbolikoa da, eta jendarteko eremu guztietan emakumeak menpekotasun egoeran bizitzera behartzen ditu. Gainera, ordena horrek bizitzaren eremu guztiak blaitzen ditu, publikoak eta pribatuak, eta ordena hori iraunarazteko erabiltzen da indarkeria matxista, bere adierazpen guztietan.

Euskal Herrian, estatistikak aspalditik ari dira agerian uzten indarkeria matxistak gora egiten jarraitzen duela: urtea hasi denetik hiru emakume erail dituzte. 2018an Azpeitiko Udalean hamabi kasu berri artatu ziren, eta horietatik zazpi lagun 40 urte baino gazteagoak ziren. Hala ere, ezin dugu ahaztu indarkeria honen adierazpen gehienek, egunero gertatzen direnak, normalizatuta eta inbisibilizatuta jarraitzen dutela.

Erailketa matxistek gero eta arreta mediatiko gehiago erakartzen duten arren, gehienetan emakume horiek berbiktimizatzen dira edo erantzukizuna emakumeengan uzten da. Egia da jendarteak irmoki gaitzesten dituela, eta hori urte guzti hauetan mugimendu feministak egindako sentsibilizazio lanari esker izan da.

Gure ardurak, ordea, haratago joan behar du, eta ikusiarazi egin behar ditugu bestelakoak diren indarkeria matxistak, intentsitate baxuagokoak gehienetan, oraindik ere ikusezin direnak. Besteak beste, musika munduko hainbat letreaz zein jarrerez, filmetako zein bideojokoetako rolez edo hedabideek transmititzen duten indarkeria sinbolikoaz ari gara; emakumeen bizitzak eta gorputzak kontrolatzeko saiakeraz, eremu guztietan femeninotzat jotzen denaren gutxiespenenaren bidez gauzatzen den indarkeria psikologikoaz edo soldata txarretan nahiz lan baldintza prekarioetan antzeman dezakegun indarkeria ekonomikoaz ari gara.

Aurten, mugimendu feministaren beste mugarri batean, milaka emakumek hartu dituzte Euskal Herriko kaleak aski dela ozen esateko; milaka emakumek planto egin dute emakumerik gabe mundua gelditzen dela ikusarazteko; eta beste horrenbeste emakumek aldarrikatu dute sistema judiziala patriarkala dela, eta erasotzaileak justifikatuta, emakumeak babestu beharrean ardura haien bizkar uzten ari dela.

Feminismoak erakutsi digu errealitate bat aipatzeak ikusgai bihurtzen duela: indarkeria, bere adiera guztietan, gizonen eta emakumeen arteko egiturazko ezberdintasunak mantentzeko tresna nagusietako bat den heinean, ikusezin bihurtu da, eta alderdi pertsonalei garrantzia handiegia ematen zaie. Gainera, ikusarazi nahi digute indarkeriazko gertakariak arrazoi pertsonalen ondorio direla eta ez arrazoi sozialen ondorio. Ez da nahikoa indarkeria adierazpen jakin batzuk aipatzea eta salatzea horrelako gertakari latz bat gertatzen den bakoitzean; gertakaria eragin duten arrazoietara jo behar da, sustraira, eta hori egitea erakundeon ardura ere bada.

Zeharkako esku hartze integralak eta iraunkorrak abian jarri behar ditugu; berbiktimizazioa baztertuta emakumeak subjektu aktibo gisa hartuko dituzten esku hartzeak. Emakumeak errudun bilakatuko ez dituzten esku hartzeak, eta eragile aktibo diren neurrian, ahots propioa aitortuko dioten esku hartzeak. Horretaz gain, genero ikuspegi ahalduntzailea barnebiltzen duen artatze sistema eta erreparazio prozesuak bermatu behar ditugu, bai banakakoak, bai kolektiboak. Giza eskubideez ari garen heinean, mota guztietako indarkeriarik gabeko bizitzak izateko eskubidea instituzioen betebeharra da.

Eta zeregin hori gizartea osatzen dugun eragile guztiok gure egin behar dugu gure, hala egiten ez badugu indarkeria matxistari eusten jarraituko dugulako. Denon erantzukizuna da bakoitzaren eragin eremutik aurre egitea, indarkeria matxista sortzen, biderkatzen edo normalizatzen duten heinean, gure instituzioak eta erakundeak aldatzea: erakunde publikoak, kultur eragileak, hedabideak, lan arloko eragileak eta eragile ekonomikoak, ahaztu gabe banakakook dugun ardura.

Tokiko erakundeak indarkeria matxista guztien kontra jarduteko eremu egokiak dira: erakundeak, eskolak, aisialdi edo kirol guneak eta abar. Jendartea osatzen duten kolektibo eta arlo guztien artean egin beharreko lana da, denok interpelatzen gaituen arazo soziala baita.

Horregatik, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko egunean sendo adierazi nahi dugu Euskal Herria feminista, justu eta ekitatezko baten aldeko aldarrikapena, bide horren eraikuntzan honako konpromiso hauek gure gain hartuta:

1.- Azpeitiko Udal Gobernuak Emakumeen Mundu Martxak bultzatutako indarkeria matxistaren aurreko erantzun protokoloa bere egiten du.

2.- Azpeitiko Udal Gobernuak Foru Aldundiari eta Emakunderi eskatzen die emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorreko aurrekontu partidak handitzeko, berdintasun zuzendaritzak eta epaitegi espezializatuak modu iraunkorrean sendotzeko eta indarrean den legedia berraztertzeko konpromisoa hartzeko.

3.- Azpeitiko Udal Gobernuak herritarrentzako, eta bereziki emakumeentzako, dauden baliabideen gaineko informazioa eskuratzeko bideak erraztuko ditu, eta dagokion lurralde mailan, indarkeria matxistaren kontrako zerbitzu sarearen funtzionamendu egokia, elkarlana eta koordinazioa bultzatuko du, adin txikikoak eta biktimen seme-alabak kontuan hartuta.

4.- Azpeitiko Udal Gobernuak neskei, gazteei eta emakume helduei zuzendutako jabekuntza jarduerak indartuko ditu, eta horretarako Emakumeen Txokoan eskaintzen diren baliabideak indartzen jarraituko du. Honako gai hauek modu iraunkorrean jorratu ahal izateko indartuko ditu baliabideak: autodefentsa feminista, bikote harremanak eta harreman sexual-afektiboak, amodio erromantikoa, sexualitate librea eta abar.

5.- Azpeitiko Udal Gobernuak nerabeei eta gazteei zuzendutako sentsibilizazio eta formazio jarduera iraunkorrak abiatuko ditu emakume eta gizonen arteko harreman parekideak sustatzeko xedez. Hain zuzen ere, hezkuntza sexual-afektiboa lantzeko, indarkeria matxistaren askotariko adierazpenak desnaturalizatzeko, baiezko onespena lantzeko, maskulinitate ereduak lantzeko eta abar zehazki. Horretarako, hezkuntza komunitate osoarekin elkarlanean garatzen den hezkidetza programa indartzen jarraituko du.

6.- Azpeitiko Udal Gobernuak borroka feministaren alde hartu duen konpromisoa berretsi nahi du, indarkeriarik gabeko gizarte demokratiko bat eraikitzeko bide eta tresna nagusia den heinean.

7.- Azpeitiko Udal Gobernuak bat egiten du mugimendu feministak azaroaren 25erako deitutako mobilizazioekin, eta jendarte osoari ere dei egiten dio mobilizazio horietan parte har dezan.