Asier Tejadok irabazi du aurten ere Azpeitiko XIII. Slalom proba

Uztarria.eus 2019ko aza. 24a, 17:49

Iazko garaipena berretsi du aurten ere Asier Tejado gidariak Azpeitiko Slalomean. Gaur, igandea, jokatu dute lasterketaren hamahirugarren edizioa Landeta auzoko Antzibarrena industrialdean, eta guztira, hemeretzi gidari lehiatu dira. 

Durangaldea Racing elkarteko kidea da Tejado, Demoncar autoarekin lehiatu da. Lau zatietako denboren batez bestekoari esker (01:27.154) lortu du hark garaipena; gainera, gaurko proban lortutako emaitzarekin, Euskadiko Slalom Txapelketa ere irabazi du Tejadok.

Lehia gogorra ikusi ahal izan da aurreneko hiru gidariren artean, eta azkenean, Lagun Arteako Ander Olaizolak lortu du bigarren postua (01:27.446), eta hirugarren sailkatu da talde bereko Gorka Olaizola. Bi zarauztarrak Speed Car Xtreem auto banarekin lehiatu dira. Bigarren mailari dagokionez, Iker Farelo nagusitu da (01:41.631), Escort XR3i autoarekin, eta Eneko Correia nagusitu da hirugarren mailan; BMW 325i autoarekin lehiatu da hura, eta batez beste 01:37.209 denbora behar izan du lau zatiak amaitzeko. Juniorren artean, berriz, Ekaitz Gomez nagusitu da (01:40.583), BMW 320i E36 autoarekin. 

Goizean, 09:00etan elkartu dira partaideak Landetan, ibilbidea ikusteko eta autoen probak egiteko. Lehiaketa, berriz, 10:00etan hasi da, eta eguerdira arte luzatu da.