Bihar banatuko dute XXVII. Euskal Antzerki Topaketetako Ikuslegoaren Saria

Uztarria.eus 2019ko aza. 22a, 17:45
Iazko XXXVI. Euskal Antzerki Topaketetan 'Lur' antzezlanak jaso zuen Ikuslegoaren Saria.

Bihar, zapatua, bukatuko dira XXXVII. Euskal Antzerki Topaketak Lapur minak kale antzerkiaren emanaldiarekin. 20:00etan hasita Alde Zaharreko kaleetan egingo dute antzezlana. Obra hori bukatutakoan, aurtengo topaketetako Ikuslegoaren Saria banatuko dute udal ordezkariek, Plaza Txikian.

 

Azken urteetan ez bezala, aurtengo antzerki topaketetan emanaldiak bukatu orduko banatuko du Ikuslegoaren Saria Azpeitiko Udalak. Aurreko urteetan Santo Tomas egunez banatu izan dute sari hori. Bihar, zapatua, XXVII. Euskal Antzerki Topaketen amaierako ikuskizun berezia izango da: Lapur minak kale antzerkia. Tornado konpainiakoek 20:00etan hasiko dute emanaldia, Alde Zaharrean. Ordubete inguruko obra da, eta hori bukatu orduko sarituko dute antzezlan irabazlea, Plaza Txikian.

Iazko topaketetan Xake produkzioaken Lur antzezlanak jaso zituen ikusleen boto gehien. Erika Olaizola azpeitiarra da obrako aktoreetako bat.

Gaur, ostirala, topaketen barruan antzerki alternatiboaren txanda izango da. 20:00etatik 21:15era luntx bejetarianoa izango da Gaztetxean, eta 21:30etik aurrera Eraikitzen gaituzten hitzak lana plazaratuko dute herriko hainbat gaztek. Horman Poster antzerki konpainiak martxan jarritako egitasmoa da Eraikitzen gaituzten hitzak, eta bitartekaritza eta sorkuntza proiektu bat da; tokian tokiko gazte taldeekin garatzen eta eszenan jartzen den identitatearen inguruko dramaturgia bat, hain zuzen. Azpeitiko bost gaztetxo dira aktoreak: Leire Urrestilla, Jare Beitia, Enaitz Segurola, Salma Chafi eta Mattin Arakistain. Matxalen de Pedro eta Igor de Quadra dira zuzendariak eta Xanti Agirrezabala zuzendari laguntzailea. Ikusientzunezko performancea, berriz, Jone Novok egin duAzpeitiko gazteek hainbat saio egin dituzte azken egunetan Emakumeen Txokoan, eta saio horietan prestatu dute gaur eskainiko duten lana, hainbat ariketa ardatz hartuta.