Iñaki Elorza 'Txapas' kazetariak Ohorezko Aipamena jasoko du Rikardo Arregi sarietan

Uztarria.eus 2019ko aza. 22a, 13:22
Iñaki Elorza.

Datorren azaroaren 28an banatuko dituzte sariak Andoainen. Irrati esatari lanetatik erretiroa hartu berri den Txapasek aitortza jasoko du kazetaritza "ibilbide jarraitu bezain oparoa" egiteagatik. Epaimahaiak ez du urtero banatzen Ohorezko Aipamena saria; epaimahaiaren esku dago sari hori banatzea. Kazetaritza saria jasotzeko hautagaietako bat da Miel Anjel Elustondo kazetari azpeitiarra.

Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien epaimahaiak hala erabakita, Iñaki Elorza Txapas kazetari azpeitiarrak Ohorezko Aipamena saria eskuratuko du datorren ostegunean Andoainen (Gipuzkoa). Egun horretan egingo dute sari banaketa ekitaldia, eta irrati esatari lanetatik erretiroa hartu berri den Txapasek aitortza jasoko du kazetaritza "ibilbide jarraitu bezain oparoa" egiteagatik. Ohorezko Aipamena saria ez dute urtero banatzen. Hain zuzen ere, epaimahaiaren esku dago euskal kazetaritzaren historian "ezinbesteko erreferentzia" izan diren erakunde, ekinbide eta pertsonei aitorpen hori egitea.

Iñaki Elorzak urteak egin ditu euskarazko irratigintzan lanean: Herri Irratian hasi zuen ibilbidea, eta gero Euskadi Irratiara egin zuen jauzi. Andoaingo Udalak Aipamen Bereziaren saria hari ematea erabaki duela iragartzeko bidalitako oharrean dioenez, irrati esatari "aparta, etorri handikoa eta euskara bizi-bizikoa" dela erakutsi du azpeitiarrak.

Elustondo, hautagai

Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietarako hautagaiak duela aste batzuk jakinarazi zituen Andoaingo Udalak, eta Kazetaritza saria jasotzeko hautagaietako bat da Miel Anjel Elustondo (Azpeitia, 1958) kazetaria. Elustondo Berriarako egin zuen Zozoen elean elkarrizketa sortagatik izendatu dute finalista. Azpeitiarra Uztarria aldizkariko kolaboratzailea ere bada. Elustondoz gain, beste hiru finalista ere hautatu ditu epaimahaiak: Jon Artano kazetari zestoarra 2019. urtean Ameriketatik egindako EITBrako kronikak eta elkarrizketak direla eta; Ana Galarraga zientzialari zarauztarra Elhuyar aldizkariko Iraultza txikien lekukoak atalagatik; eta Kanaldude Hurbiletik telebista saioagatik.

Horiez gain, Komunikazio sarirako hautagaiak ere hautatu ditu epaimahaiak. Codesyntax enpresak garatu duen Egunean Behin mugikorrerako jokoa dago finalisten artean, eta Josu Azpillaga azpeitiarra da joko horren sortzaileetako bat. Gainera, tokiko hainbat hedabidek –Zumaiako Baleike da tartean– sortutako Ttap aldizkari digitala ere finalisten artean da, baita Oier Aranzabalek zuzeu.eus-eko Barruan gaude atalean argitaratzen dituen poadcastak ere. Horiez gain, 2019ko Korrikaren komunikazio kanpaina ere saria jasotzeko hautagaien artean da.