Europa izango dute hizpide Joxe Ramon Bengoetxeak eta Xabier Ezeizabarrenak bihar eskainiko duten hitzaldian

Uztarria.eus 2019ko aza. 25a, 10:31
Xabier Ezeizabarrena artxiboko irudi batean.

Sanagustin kulturgunean izango da Munoandi kultur elkarteak antolatutako hitzaldia, 19:00etan hasita. Europako Batasunaren noraezaz eta Europako bizimoduaren etorkizunaz arituko dira bi hizlariak solasean. Igancio Arakistain azpeitiarrak gidatuko du saioa.

Munoandi kultur elkarteak antolatutako hitzaldi zikloa bukaerara iritsi da, eta azken solasaldia bihar, asteartea, izango da. Europa izango dute hizpide Joxe Ramon Bengoetxea Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta katedradunak nahiz Xabier Ezeizabarrena politikari eta legelariak. Sanagustin kulturgunean izango da hitzaldia, 19:00etan hasita. Igancio Arakistain azpeitiarrak gidatuko du saioa.

Europako Batasunaren noraezaz eta Europako bizimoduaren etorkizunaz arituko dira bi hizlariak solasean, baita eskubideez eta betebeharrez ere. Hainbat galderari erantzuten saiatuko dira Bengoetxea eta Ezeizabarrena, hala nola honako hauei: Europako Batasunean estatu gabeko nazioek ba al dute lekurik? Eta herritarren parte hartzeak? Europak nola ulertzen du subiranotasuna? Gainera, etorkinak, populismoa, kulturaniztasuna, eleaniztasuna eta Europa soziala ere izango dituzte hizketarako gai.