Beste hogei egiteko

Uztarria.eus 2019ko aza. 22a, 12:19
Josu Azpillaga, Oihana Elduaien eta Mailo Oiarzabal. (Julene Frantzesena)

Uztarria aldizkariaren 2019ko azaroko zenbakia osorik irakur daiteke dagoeneko webgune honetan (hemen, PDF formatuan). 20 urte bete ditu hil honetan Azpeitiko herri aldizkariak, eta Uztarriaren iraganaz eta etorkizunaz hizketan aritu dira Josu Azpillaga, Oihana Elduaien eta Mailo Oiarzabal, aldizkariaren 20. urteurrena aitzakia hartuta 221. zenbaki honetarako Julene Frantzesena kazetariak ondu duen erreportajean.

1999ko azaroa zen. "Gauzak lortzeak ematen du poza", zioen Joseba Lazkano jesuita ageri zen azalaren titularrak. Uztarria aldizkariaren lehen zenbakia zen hura. Eta egin du euririk ordutik; Uztarria 221. zenbakira iritsi da 2019ko azaroarekin. Ez da borobila Uztarriak kaleratu dituen aldizkarien kopurua, baina bai horiek argitaratu dituen urteena; izan ere, hil honetan hogei urte dira Uztarria Kultur Koordinakundeko kideek aldizkariaren lehen zenbakia kaleratu zutela.

Koordinakundea lehenago, 1998ko martxoaren 3an, sortu zuten hainbat taldek, herriko euskararen, kulturaren eta komunikazioaren egoera iraultzeko asmoz. Eta hain zuzen ere, Hegoaz Blai taldean zebilen sasoi hartan Josu Azpillaga (Azpeitia, 1973). "Uztarria eragileetako taldeak biltzen hasi zenean sartu nintzen saltsan. Koordinakundea sortzeko bileretan parte hartu nuen, eta aldizkariaren aurretik kaleratzen zen berripapera ateratzen hasterako erredakzio taldeko kidea nintzen".

Euskal Herriko herri aldizkarien loraldia baino urte batzuk geroago sortu zuten Uztarria aldizkaria, eta Azpillagak uste du "asmatu" zela aldizkariaren sorrera moteltzearekin. "Herriko komunikazioaren hutsunea nabarmena zen. Koodinakundea sortu eta lehen bileratik, hurrengo pausoa aldizkaria sortzea izan behar zuela esaten zen, baina ez ziren indarrak aldizkarira soilik bideratu nahi. Izan ere, kulturan eta euskaran ere baziren hutsuneak".

Sasoi hartan, El Diario Vascoko Azpeitiko kronista zen Mailo Oiarzabal (Urrestilla, 1971), eta hura utzita, Uztarrian hasi zen lanean 2008an. Dena den, gogoratzen da Uztarriaren sorrerarekin. "Orduan ere herri euskalduna zen Azpeitia, baina prentsa euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez zegoen. Asko euskaraz alfabetatu gabeko herritarrak ziren, euskaraz hitz egiten zutenak, baina irakurtzeko zailtasunak zituztenak. Uztarriak balio izan du herritarrek gaztelaniaz ulertzen zuten testua euskaraz ere irakur zezaketela ikusteko". Badu hori horrela zela ikusarazten duen pasadizo bat urrestildarrak: "El Diario Vascon sartzen nituen euskarazko eduki batzuk, eta jendea kexatu ere egin izan zitzaidan. Pentsa, herritar baten deia jasotakoa naiz 07:00etan, euskaraz irakurri nahi bazuen Egin erosiko zukeela esanez. Esan nion egunkari hartan ez zuela euskaraz askorik irakurriko...".

Aldizkaria sortu zuten garaian herrian zegoen beharraz ez zela kontziente azaldu du Uztarria Komunikazio Taldearen lehendakari Oihana Elduaienek (Azpeitia, 1981). Orain, baina, denboraren joanarekin, euskarazko hedabide bat izatearen beharraz jabetzen dela nabarmendu du: "Euskarari eta informazioari ekarpen handia egin dio Uztarriak".

Herriko informazioa

Azpeitiko bi milatik gora etxetara iristen da hilero Uztarria aldizkaria. Elduaienen aburuz, gaiak "modu erakargarri eta errazean" etxeratzen asmatu du herri hedabideak, eta horrek ahalbidetu du herritarrak irakurtzen hastea eta haien ohiturak aldatzea. "Tresna garrantzitsua" da haren ustez, eta "gauza askotan" asmatu du: "Herriko gaiak azaleratzen eta eztabaidak sortzen jakin du Uztarriak, ez soilik informatzen. Herri mugimendua sustatzen ere asmatu du".

Oiarzabalek dioenez, hogei urteotan herritar ugari agertu da aldizkarian, modu batean edo bestean. "Zenbaitetan zailtasunak ere izan ditugu gaiak aurkitzerakoan, urte hauetan guztietan askotariko gaiak landu direlako. Uztarriak Azpeitiko gai asko, kontu asko jaso ditu, eta jende askori eman dio ahotsa. Anitza izan da eta da, eta hori gustura hartzen du jendeak". Hark dioenez, aipatzekoa da urte hauetan guztietan aldizkarian musutruk kolaboratu duten herritarren zerrenda: "Zeinen lan onak egin dituzten, zer borondate izan duten... Horrek asko janzten du aldizkaria". Elduaienek uste du Uztarriak lortu duela "pixka bat denena" izatea: "Baita gorrotatzea ere zenbait kasutan, baina hori kazetaritza onaren seinale da". Proiektuak herrian duen "zentralitatea" ere aipatu du: "Herri mugimenduarekin eta herritarrekin izan duen harremanak ere eman dio zilegitasuna Uztarriari".

Eta hala da. Uztarriaren proiektua ez dago ulertzerik webgunerik gabe; izan ere, aldizkariaren ehunka ale banatzen ditu komunikazio taldeak hilero, baina egunero-egunero milaka eta milaka bisita izaten ditu Uztarria.eus-ek. Aldizkaria sortzen ez, baina webgunea martxan jartzen aitzindaria izan zen Uztarria. 2002ko urtarrilaren 1ean jarri zuten ikusgai Azpeitiko ataria; data hura ondo gogoan du Azpillagak –egun Codesyntax informatika enpresan egiten du lan–. "Oraindik akordatzen naiz non nengoela eman nion webgunea publiko jartzeko botoiari [barrez]". Aldizkariaren maiztasunaren eztabaidari aterabidea emateko balio izan zuen webguneak, haren arabera. "Erreferentzialtasuna lortzeko garrantzitsua izaten da maiztasuna, eta gure aldizkaria hilabetekaria zen... Sarriago kaleratzeko tentazioa izan genuen, baina ez genuen argi ikusten. Webgunea sortu genuen maiztasunaren beharrari erantzuteko eta aldizkaria egunerokotasunetik urruntzeko".

Elduaien izan zen Uztarria.com atarian lanean aritu zen lehen kazetarietakoa, eta hark dioenez, garai hartan albiste bat edo bi argitaratzen zituzten egunean: "Orduan ezer ez zitzaidan iruditzen albistea... Eta orain, zenbat albiste sartzen dituzte Uztarria.eus-en? Eta gaur egungo berehalakotasun hori ere ez genuen". Azpillagak baditu datuak: "2002ko urtarrilean 51 albiste sartu ziren webgunean, e! Bada zerbait... Orain 250-300 egiten dira hilean, baina ordurako 50 albiste, asko dira". Oiarzabalen ustez, aldizkarian baino garapen handiagoa egin da webgunean, Interneten lan egiteko era "zeharo" aldatu delako. "Horixe zen webgunea sortzearekin egin genuen gogoetaren funtsa, albistegia indartzearen aldeko apustua egin baikenuen, eta intuizioari tiraka hasi baginen ere, 18 urtera bera da xedea".

Uztarria hedabide erreferentea dela diote hirurek. "Ez herrian bakarrik", azaldu du Elduaienek. "Nik Berriako [han egiten du lan] bileretan ere askotan entzuten dut Uztarriaz aipamena, eta uste dut aitzindari izateak baduela horretan eragina. Argi dagoena da zerbait egin baduzu Uztarrian agertu behar duzula, bestela ez duzu ezer egin [barrez]". Oiarzabalek ere badu hori baieztatzeko adibide bat: "Imsersorekin bidaia batera joan zen herritar batek esan zidan egunero sartzen zela Uztarria.eus-era tabletetik. Eta uste dut hori lortzea oso garrantzitsua dela". Azpillagak azaldu duenez, Uztarriak Interneten erreferentzialtasuna lortu du, eta atariak dituen datuek atentzioa ematen dute komunikabideen munduan. "Zergatik den horrela? Ziurrenik arrazoi asko egongo dira, baina horietako bat jarraikortasuna da. Zerbait egin eta hurrengo egunean sekulako salto kualitatiboa ematea nahi izaten dugu, baina hori nekez lortzen da".

Uztarria.eus-en sortzaileetakoak dioenez, gainera, pixkanaka "berrikuntzak" egin dituzte webgunean. "Berrikuntza horiei esker hazi da esponentzialki Uztarria". Elduaienek ere uste du berrikuntzetan asmatu duela hedabideak: "Bere garaian blogak sortu zituen, gero Komunitatea atala... Herriko taldeek-eta aukera dute albisteak idazteko, eta horrek erreferentzialtasuna sortzeko balio du".

 

 

Badira erronkak

Uztarriaren erronka nagusia "etengabe sortzen ari diren joeretara egokitzea" dela uste du komunikazio taldeko lehendakariak. "Uztarriak horretan asmatu izan du, baina ez du erlaxatu behar, berehala aldatzen baitira gauzak". Horrez gain, diru iturri berriak bilatzea ere erronka potoloa dela uste du Elduaienek, baita Uztarria gaur egun dagoen tokian mantentzea ere.

Azken horri lotuta, Azpillagak gazteen "galdera ikur handi hori" hor dagoela gogorarazi du, hedabideek irakurle gazteekin edo gaztetxoekin duten erronka orokorra dela aipatuta. Gazteek Internet kontsumitzeko duten joeraren aldaketan jarri dute arreta hiru lagunek, eta Elduaienek honako galdera hau plazaratu du: "Adinarekin aldatuko al zaie kontsumo ohitura?". Azpillaga: "Gu ere halakoak al ginen 18 urterekin?". Elduaienek esan duenez, unibertsitate garaian berak ere ez zuen askorik irakurtzen: "Gazteen artean badira sare sozialetan Berria jarraitzen dutelako Berria irakurtzen dutela diotenak; beste batzuek, ordea, dena kontrolatzen dute, egunero leitzen dute". Hark sare sozialetan jarri du arreta, gazteengana iristeko eta une honetatik bertatik erreferente bilakatzeko "ezinbestekoa" delako horietan asmatzea.

Azpillagak ez du hain argi zeintzuk izan behar duten Uztarriaren erronkak, baina haren ustez, beharrezkoa da proiektua indartzea etorriko zaizkion aldaketei erantzuteko ahalmena izan dezan. "Uztarriari iritsiko zaio salto batzuk emateko ordua, eta une horretara indarrarekin eta saltoa egiteko gaitasunarekin irits dadin, beharrezkoak dira lan baldintza duinak, egitura sendoa eta abar". Horri erantzuna emateko, eskualdeko hedabideek egitura bateratua sortzeko zegoen beharra izan du hizpide hark; izan ere, Uztarria Komunikazio Taldeak, Erlo Telebistak, Maxixatzenek, EKTk, Baleikek eta Karkarak kooperatiba bat sortu dute eskualdeko komunikabideen jarduna indartzeko.

Azpillagak esan duenez, euskarriek ekarriko dituzte gainerako aldaketak: "Orain sare sozialak dira, eta gero auskalo zer izango diren. Telebistarena da, adibidez, beste erronka ikaragarrietako bat. Euskarazko hedabideek zer paper izan behar dute telebistaren erronkan?". Hark kazetariaren figuran jarri du arreta; izan ere, haren ustez, komunikatzailearen figura "klabea" da hedabideen jardunean. "Gaur egun bizi dugun informazio uholde honetan, behar da gauza batzuk aztertu eta filtroak nahiz lehentasunak ezarriko dituen zein agenda markatuko duen irizpidedun norbait komunikabideetan. Eta hori izango da beti erronka, informazioa beti egongo delako. Dena den, informazio hori norbaitek irizpide batzuen arabera ordenatu beharko du".

Komunitatearen garrantzia

Papera eta Internet. Papera ordaintzeko joera nahiko zabaldua da oro har gizartean; Interneteko edukiak, baina, doan jasotzen dira komunikabide gehienetan. Komunitateaz hitz egiten den garaiotan, ba al da proiektua sustengatuko duen jende multzorik? Elduaienen aburuz, herritarrak ez dira horretaz kontziente. "Uztarriak udalarekin hitzarmena egin duela irakurri duen norbaitek pentsa dezake Uztarria komunikazio taldea dirulaguntza publikoekin soilik finantzatzen dela. Baina hori ez da horrela: dirulaguntza publikoak jasotzen ditu, baina horrekin ez zaio nahikoa, eta horregatik behar ditu proiektua bultzatzeko prest dauden bazkideak eta horregatik egiten ditu urtean zehar beste egitasmo batzuk".

Lehendakariaren ustez "saltoa" emateko premia nabarmena da, Uztarriak izan baduelako bere komunitatea, baina haren ustez, herritarrei jakinarazi egin behar zaie Interneteko edukien atzean kazetariak daudela eta horiek ere bizi egin behar dutela. "Diskurtso hori garatu gabe dago oraindik, eta Uztarriak badu horretan zeregina. Uztarriako bazkide dena Uztarriako bazkidea da, ez aldizkarikoa soilik. Uztarriako bazkideek hedabideak kaleratzen dituen produktu guztiak laguntzen ditu diruz".

Negozio eredua finkatzea hedabide guztien "erronka" dela dio Azpillagak, eta haren arabera, inork ez du irtenbide zehatzik oraingoz. "Euskarazko hedabideak, ordea, inkontzienteki bada ere, toki oso onean daude alde horretatik. Izan ere, hedabide guztiak ari dira bazkide edo harpide bila gaur egun. Eredu mistoa ari dira aplikatzen horiek, eta formula hori da euskalgintzak eta euskal hedabideek beti erabili izan dutena. Uztarria aldizkaria inork ez du erosten, baina Uztarria diruz laguntzen dute herritarrek, bazkidetzen bidez”.

20. urteurrena

Uztarria aldizkariak hogei urte betetzen ditu azaro honetan, eta urtemuga hori oinarri hartuta, erakusketa berezi bat jarri du Uztarriak ikusgai Sanagustin kulturgunean.

- Datuak

  • Azaroan. Hilaren 18tik abenduaren 2ra hainbat argazki izango dira ikusgai Sanagustin kulturgunean.
  • 20 irudi. Uztarriaren sorreratik hona aldizkarian agertu izan den hainbat herritar ikusi ahal da irudietan.
  • Xanti Rodriguez. Argazkilari azpeitiarrak atera dizkie argazkiak protagonistei.
  • 40 pertsona inguru. Argazki horietan arlo askotan aritzen diren 40 herritar baino gehiago agertzen dira, hala nola 1999tik hona Azpeitian izan diren alkateak, kirolariak, kultur sortzaileak, kazetariak, musikariak, auziperatu ohiak eta abar.
  • Inaugurazioa. Hilaren 22an, ostiralez, egingo du Uztarriak erakusketaren inaugurazio ekitaldia. Ekitaldi txiki bat egingo du komunikazio taldeak, eta ondoren, luntxa izango da. Opariren bat ere jasoko dute ekitaldira joaten diren herritarrek.