Oihana Orbegozok igandean egingo du debuta Lehen Mailako Emakume Master Cup txapelketan

Uztarria.eus 2019ko aza. 22a, 12:04
Oihana Orbegozo artxiboko irudi batean.

Joan zen urtean Promozio Mailako finala jokatu zuen azpeitiarrak, eta balentria hori tarteko, Lehen Mailan egingo du debuta igandean Zamudion. Iazko finalistetako bat, Olatz Arrizabalaga gernikarra, izango du aurrez aurre. 11:00etan hasiko dira partidak, eta irabazleak finalerdietara sailkatuko dira.

Igandean hasiko da Lehen Mailako lau eta erdiko Emakume Master Cup txapelketa, eta azpeitiar bat izango da emakumeen gorengo mailan: Oihana Orbegozo. Joan zen urtean Promozio Mailako finala jokatu zuen azpeitiarrak, eta balentria hori tarteko, Lehen Mailan egingo du debuta igandean Zamudion (Bizkaia).

Orbegozori ez zaio partida erraza egokitu. Izan ere, iaz Patri Espinarren kontra Lehen Mailako finala jokatu zuen Olatz Arrizabalaga gernikarra izango du aurrez aurre. Zortzi pilotari ariko dira nor baino nor Zamudion, 11:00etan hasita. Partidak irabazten dituzten lau pilotariek segituko dute txapelketan aurrera. Finalerdiak Otxandion (Bizkaia) jokatuko dituzte lau pilotari onenek azaroaren 30ean. Finala abenduaren 15ean izango da Barakaldon (Bizkaia).

Promozio Mailako txapelketa duela aste batzuk hasi zen, eta dagoeneko iritsi da lehia finalerdietara. Nagore Aramendi eta Oihana Unanue pilotari azpeitiarrek parte hartu dute txapelketa horretan, baina ez dute finalerdietara sailkatzerik lortu.