Aldizkariaren 20. urtemugako ekitaldia egingo du gaur Uztarriak

Uztarria.eus 2019ko aza. 22a, 10:46
Uztarriaren 20. urtemugako erakusketaren irudia.

Urtemuga borobil hori aitzakia hartuta, Uztarria Komunikazio Taldeak ekitalditxoa egingo du gaur, ostirala, 19:00etan, Sanagustin kulturgunean. Oihana Elduaien Uztarriako lehendakariak hartuko du hitza, eta hark komunikazio taldearen proiektuen berri emango du. Ondoren, mokadutxoa egiteko aukera ere izango da.

Aurtengo azaroarekin bete ditu Uztarria aldizkariak 20 urte; izan ere, 1999ko azaroan kaleratu zuen orduan kultur koordinakunde zenak aldizkariaren lehenengo zenbakia. Urtemuga borobil hori aitzakia hartuta, Uztarria Komunikazio Taldeak ekitalditxoa egingo du gaur, ostirala, 19:00etan, Sanagustin kulturgunean.

Hain zuzen ere, joan zen astelehenaz geroztik kulturgunean ikusgai den erakusketaren inaugurazio ekitaldia izango da gaur arratsaldekoa. Hogei urte hauetan aldizkariko askotariko zenbakietan agertu diren hainbat herritarren irudiekin osatu du Uztarriak erakusketa, eta hogei argazki horiek abenduaren 2ra arte izango dira ikusgai.

Gaurko ekitaldian Oihana Elduaien Uztarriako lehendakariak hartuko du hitza, eta hark komunikazio taldearen proiektuen berri emango du. Ondoren, mokadutxoa egiteko aukera ere izango da. Gainera, urteurrena tarteko, Uztarria Komunikazio Taldeak produktu berri bat kaleratu du, eta hura banatuko du ekitaldira joaten diren herritarren artean.