Lekuaren lehen adreilua

Urola Kostako Hitza 2019ko aza. 21a, 11:30

Euskal Antzerkiaren Lekua jardunaldiak izango dira gaur, osteguna, Azpeitian. Antzerkigintzan dabiltzan hainbat eragiletako jendea bilduko da egunean zehar askotariko ekintzetan.

Euskarazko antzerkigintzan murgilduta dabiltzan eragileen topalekua izango da gaur Azpeitia. Euskal Antzerkiaren Lekua egitasmoa izango da goizean goizetik hasita iluntzera arte, eta aktoreek, banatzaileek, gidoilariek nahiz programatzaileek, beste hainbaten artean, antzerkigintzaz hausnartzeko eta beraien ideiak elkarbanatzeko aukera izango dute egun osoan zehar izango diren ekintzetan.

Azpeitiko Kulturaz kooperatiba izan da jardunaldi horren sustatzaileetako bat. Aitor Bengoetxea Kulturazeko kidearen arabera, antzerkigintzan dabiltzan eragileek "behar komun batzuk" identifikatu zituzten, eta premia horietatik abiatuta otu zitzaien Euskal Antzerkiaren Lekua antolatzea: "Euskarazko antzerkigintzan modu desberdinean lanean gabiltzan eragile asko gaude, eta jende hori saretzea izan da gure asmoetako bat Euskal Antzerkiaren Lekuarekin", azaldu du Bengoetxeak. Izan ere, Euskal Herri osoko askotariko eragileek parte hartuko dute gaurko saioetan, hala nola Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Antzerki Sareak, Nafarroako Antzoki Sareak, EHAZEk nahiz Euskal Kultur Erakundeak.

Bengoetxeak adierazi duenez, aurtengoa egitasmoaren “lehen urratsa” izango da, eta datozen urteetan ere Euskal Antzerkiaren Lekua errepika dadin espero du: "Ikusten genuen urtero halako hitzordu bat antolatu behar genuela, eta aurtengo edizioko jardunaldi hauetan ikusiko da zer formatu izan behar duen Euskal Antzerkiaren Lekuak". Bengoetxeak nabarmendu du euskarazko antzerkigintzak "sortzeko, pentsatzeko eta partekatzeko" leku bat eduki behar zuela, eta Azpeitia horretarako "leku egokia" zela iritzi zioten: "Azpeitian Euskal Antzerki Topaketak egiten dira eta kultur dinamika indartsua dugu. Horrez gain, euskararen arnasguneetako bat ere bada", azaldu du Kulturazeko kideak. Gainera, gaurkoa ez da euskal antzerkigintzaren inguruan Azpeitian egindako lehen topaketa, duela hamarkada bat antzeko egitasmo bat egon zela dio azpeitiarrak, eta orduko formatu hura "eguneratu" egin dutela oraingo honetan.

Egitarau oparoa

Sanagustin kulturgunea eta Dinamoa sormen gunea izango dira Euskal Antzerkiaren Lekuaren bi topaguneak. 09:30ean aurkeztuko dute egitasmoa Sanagustinen, eta goizean bi hitzaldi entzuteko aukera izango da bertan. Alde batetik, Ximun Fuchsek Euskarazko antzerkigintzaren pausoak, ibilerak eta errenak solasaldia gidatuko du; eta bestetik, Eneritz Artetxek Emakumeen presentzia eta genero ikuspegia euskarazko antzerki sorkuntzan hitzaldia emango du. Solasaldi bakoitzaren ostean, gai horiek eztabaidagai izango dituzte partaide guztiek, lantaldeetan banatuta. Bazkalaurretik, Zubi proiektua aurkeztuko dute, eta ondoren, bazkaria izango da.

Arratsaldean, Dinamoa sormen gunera lekualdatuko dira jardunaldiak. Garazin Antzerki eta Ganbila proiektuak aurkeztuko dituzte bertan. Horren ostean, berriz, Euskarazko antzerki sorkuntza bultzatzeko bide berriak mahai ingurua egingo dute EHAZEk gidatuta, eta Kulturaz kooperatibako nahiz Eztena, Zubi eta Baratza proiektuetako kideek parte hartuko dute bertan. Eguna biribiltzeko, berriz, XXXVII. Antzerki Topaketen barruko Sortzaile Berrien Zikloko azken antzezlana izango da ikusgai Dinamoan. Esti Curielen 35 huts obrak itxiko du Sortzaile Berrien Zikloa, eta hura ikusteko aukera izango dute Euskal Antzerkiaren Lekuan.

Apustu berriak

Euskal Antzerkiaren Lekuaren harira, Bengoetxeak uste du euskarazko antzerkigintzan "potentziala" dagoela, baita "jende kualifikatua" ere. Halere, azpeitiarrak uste du "apustuak" egin behar direla: "Publiko eta sortzaile berriak sortu behar ditugu. Gure nahia antzokietara ahalik eta jende gehien joatea da, eta horretarako, apustu berriak egin behar dira". Ildo beretik, Bengoetxeak uste du antzerkia "programatze hutsak" ez duela balio dagoeneko, eta horrek funtziona dezan "gauza gehiago" egin behar direla: "Lan asko dugu egiteko aurretik. Gauza politak egiten dira, baina euskarazko antzerkigintzari beste buelta bat eman behar diogu", gaineratu du. Hain justu, Euskal Antzerkiaren Lekua, besteak beste, kontu horien inguruan hausnartzeko dela nabarmendu du azpeitiarrak: "Ez da jardunaldi huts bat izango, elkarlanak topatu behar ditugu gure artean, zubilanak egin… Pixkanaka lankidetza artikulatzea nahiko genuke adostutako parametro batzuen barruan". Hori dela eta, Bengoetxeak argi du gaurko egitasmoa Euskal Antzerkiaren Lekuaren lehen saioa izango dela, baina ez azkena.