'Mikrouhinak' saioa

'Eraikitzen gaituzten hitzak' antzezlana, estreinatzeko prest

Uztarria.eus 2019ko aza. 21a, 12:53

XXXVII. Euskal Antzerki Topaketen barruan, Eraikitzen Gaituzten Hitzak antzezlana izango da ikusgai ostiralean, hilak 22, Azpeitiko Gaztetxean, 21:30ean hasita. Hitzordura bertaratzen diren herritarrek ikusiko duten lana ez da antzerki obra arrunt bat izango, ordea. Horman Poster kolektiboak martxan jarritako egitasmo batetik datorren lana da, herriko talde batekin egindako sormen prozesu baten emaitza, hain zuzen ere. Azpeitiko bost gaztetxo dira aktoreak: Leire Urrestilla, Jare Beitia, Enaitz Segurola, Salma Chafi eta Mattin Arakistain. Bost azpeitarrek orduak eta orduak pasatu dituzte azken asteotan ostiralean aurkeztuko duten obra ontzen. Matxalen de Pedro eta Igor de Quadra dira zuzendariak eta Xanti Agirrezabala zuzendari laguntzailea. Ikusientzunezko performancea, berriz, Jone Novok egin du. Sormen prozesuaren inguruan solastu dira Kulturaz kooperatibak, Uztarria Komunikazio Taldeak eta Urola Kostako Hitzak elkarlanean egiten duten Mikrouhinak bideo sortarako.