Azpeitia eta Errezil arteko errepidea hiruzpalau astez egongo da itxita

Uztarria.eus 2019ko aza. 20a, 19:08
Horrela zegoen gaur arratsaldean errepidea hondoratu den lekua.

Atzo hondoratu zen bide zatia konpontzen hasiko dira bihar eta lanak bukatu arte errepidea ez dutela irekiko jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Ordainetan Urrakiko errepidea erabiltzea gomendatu dute. Azkoitia eta Tolosa lotzen dituen autobus linea ere Urrakitik igaroko da, eta ez da Errezildik pasatuko.

Hiruzpalauz astez itxita egongo da Azpeitia eta Errezil arteko errepidea, atzo hondoratu zen bide zatia konpondu bitartean. Horrela jakinarazi d Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituretarako sailak, “eguraldiak lanen iraupena baldintzatu” dezakela gaineratuta.

GI-2634 errepideko 18+100 kilometro puntuan hondoratu da errepidea, Benta Berriko bidegurutzetik 200 metrora, Azpeitia aldera, Zurruntzola baserritik gertu. Azpeititik Errezilerako noranzko errailaren zatia da erreka aldera erori dena. Egoera txarrean zegoen errepidea zati horretan eta atzo bertan hasi zituzten konpontzeko lanak. Aldundiko teknikariek azaldu dute astelehenean jaso zutela Errezilgo Udalaren eskaera, errepidea konpontzeko. “Konponketa lanak hasi orduko, asteartean bertan,  errepidea eusten duen harri-horma hautsi eta errail bat guztiz hondoratu da, erraileko lurrak eta petrila bera ibaira erorita”, azaldu dute aldundiko teknikariek.

Bihar hasiko dituzte errepidea bere onera ekartzeko lanak. Errepideari eusteko horma berria eraikiko dute, hormigoizko harri-lubeta batekin osatua; hamabost metroko luzera eta zazpi metroko altuera izango ditu harri-lubetak. “Obra errepidearen plataformatik egingo da, eta beraz ,beharrezkoa da errepidea itxita mantentzea lanek irauten duten denboran”, argitu dute teknikariek.

Urrakitik eta Bidaniatik

Atzo bertan itxi zuten Azpeitia eta Errezil arteko errepidea, eta Landetan zein Bidanian jarrita daude bidea moztuta dagoela iragartzen duten seinaleak.

Inguruko bizilagunak bi herrien arteko baserri bideetatik ibiltzen hasiak dira autoekin, eguneroko joan-etorriak egiteko. Aldundiak Urrakiko GI-3740 errepidea erabiltzea gomendatu du; Bidaniara irteten da errepide hori, eta handik Errezilera edo Tolosara jo dezakete gidariek. Urrakiko errepidetik desbideratu du bere ohiko ibilbidea, esaterako, Azkoitia-Tolosa autobus zerbitzuak. Berez, Errezildik igarotzen dira linea horretako autobusak, baina gaur jakinarazi dute errepidea konpondu bitartean bertan behera geldituko dela Errezilgo geltokia.

Eskola garraioan ere gorabeherak eragin ditu, ezinbestean, errepidea ixteak. Errezildik Azpeitira jaisten diren ikasle batzuek lineako autobusak erabiltzen dituzte joan-etorrietarako, eta ez dute zerbitzu hori izango datozen asteetan. Beste batzuek, berriz, aparteko garraio zerbitzua dute, eta horien kasuan Urrakitik eta Bidaniatik barrena iritsi da, gaur goizean behintzat, autobusa Errezilera, ohi baino beranduxeago.