Bingo berezia Baigera IIn, Jubilatuen eta Pentsiodunen Astearen barruan

Uztarria.eus 2019ko aza. 20a, 18:32

Jubilatuen eta Pentsiodunen Astea hasi zuten Baigerakoek astelehenean, eta prestatu duten egitarauaren barruan, gaur bingoan aritu dira Sanjuandegiko Baigera IIn. 30 lagun inguru aritu dira bingoan, eta hori bukatu ondoren txokolate beroa jateko aukera izan dute.

Asteko ekitaldiak igandera bitartean izango dituzte Baigerakoek. Bihar arratsalderako irteera antolatu dute Zarauzko Photomuseumera, eta handik segidan Aginagako sagardotegira joango dira. Ostiralean ere bingo berezia eta txokolate-jana izango dituzte jubilatu eta pentsiodunek, orduan, baina, Baigera Ien izango da, 16:00etan hasita.

Larunbatean, 09:00etan irtenda, Matxinbentatik Nuarbera mendi irteera egingo dute, eta hamaiketakoa Nuarbeko elkartean. Irteera horretan parte hartzeko, ordea, aurrez izena emanda egon behar da, eta izena emateko epea atzo, asteartea, bukatu zen. Igandean, berriz, egun osoko festa eguna izango dute. 11:00etan, Baigera Ien egingo dute hamaiketakoa eta 12:30ean, hildako bazkideen aldeko meza izango dute parrokian. 14:15ean, berriz, Loiola hotelean elkartuko dira bazkaltzeko. Bazkalondoan, 90 urte betetzen dituzten herritarrak omenduko dituzte.