Gautenak Azpeitian eskainiko dituen zerbitzuez azalpenak jaso dituzte herritarrek

Uztarria.eus 2019ko aza. 20a, 17:35

Gautenak autismoa duten pertsonentzat Loiolako Inazio Hiribidean zabalduko dituen azpiegituren inguruko azalpenak emateko bilera irekia egin zuten atzo, asteartea, udaletxean. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, Amaia Lopetegi Gautenako zuzendariak eta Jimmy Brosa Gautenako familia zerbitzuen arduradunak eman zituzten azalpenak, hainbat lagunen aurrean. Gautena elkartea zer den eta elkarte horrek Azpeitian zer zerbitzu eskainiko dituen azaldu zuten bilkuran. Besteak beste, eguneko zentroa, bizitokiak eta baloraziorako nahiz estimulaziorako gunea egokituko baitituzte Loiolabideko 65, 67, 75, 77, 81 eta 83 zenbakidun lokaletan.

Duela egun batzuk hasi zituzten gunea egokitzeko lanak, eta horiek datorren uda ingururako amaitzea aurreikusten du Gautenak. Zerbitzuak martxan jartzerako, berriz, uda ondorena izango dela aurreratu dute elkarteko kideek, eta zerbitzu horietan hamabost-hamasei lanpostu sortzea aurreikusten dutela ere azaldu zuen Lopetegik: "Guretzat horrelako zerbitzu bat herrira ekartzea ona da bere horretan, baina gainera, lanpostuak ere sortzen ditu". Garaia iristean herritarrak kontratatzen saiatzeko konpromisoa hartuko dutela ere adierazi zuen hark, eta horri lotuta, herritarrak Gautenara curriculuma bidaltzera animatu zituen: "Gautenan lanean hasten den jendeak lanpostu finko bat izan aurretik prozesu bat hasi behar izaten du, eta Azpeitian zerbitzuak eskaintzen hastean langile gehiago beharko ditugu. Beraz, lanerako interesa duenak bidal dezala curriculuma, gisa horrretan abiatuko baitu prozesua".

Gautenako kideek azaldu zutenez, duela urte batzuk Azpeitiko udal ordezkariekin egindako bilera batean dago proiektuaren sorburua; izan ere, elkarteko kideek zerbitzuak dezentralizatzeko eta zerbitzuak Donostiatik Gipuzkoako barrualdera zabaltzeko gogoa zutela adierazi zieten udal ordezkariei orduko hartan. "Gogo hari heldu genion, eta elkarlanean hasi genuen gaurdainoko ibilbidea", azaldu zuen Azpeitiko alkateak. "Guretzat oso garrantzitsua da behar bereziak dituzten herritarren eta horien familien bizi kalitatea hobetzeko neurriak hartzea. Eta autismoa duten lagunei eta haien familiei zuzendutako zerbitzu garrantzitsu bat eskaini genezakeela iruditu zitzaigun". Alkortaren arabera, ez da "erraza" izaten halako zerbitzuak gertu izatea, baina Azpeitian martxan jarriko duten azpiegitura herriko nahiz eskualdeko autismoa duten lagunentzat "erreferentzial" izatea nahi dute: "Bizi kalitatea eta egunerokoa errazten lagunduko dieten zerbitzuak eskaintzeko apustua egin nahi dugu".

Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin adostu zuen zerbitzuen kokapena, eta Azpeitian izatea adostuta, herriko eremu desberdinetako lokalak ikusten aritu zirela azaldu zuen alkateak. "Loiolabideko lokalek betetzen zituzten baldintzak, eta horien lagapena egiteko prozesua hasi genuen. Gizarte baliabideen sare publikoaren eskaintza egitea ez da, baina, udalaren eskumena, eta udalak iazko uztailean egin zion lokalen lagapena aldundiari, hitzarmen baten bidez". Udalak hogei urterako lagapena egin dio aldundiari, eta lokal horietan egokituko diren azpiegiturak Gautenak kudeatuko ditu.