Azpeitia eta Errezil arteko errepidea itxi dute, bide zati bat hondoratu egin delako

Uztarria.eus 2019ko aza. 19a, 19:22
Gazteko biribilgunean jarri dute errepidea itxita dagoela dioen seinalea.

Benta Berriko bidegurutzetik 200 bat metrora, Azpeitia aldera, hondoratu da zorua 17:00 inguruan, eta trafikoa Urrakitik bueltan ari dira Errezilera bideratzen. Ez dakite zenbat denbora beharko duten errepidea irekitzeko.

Azpeitia eta Errezil arteko GI-2634 errepidea itxita egin dute, bidearen zati bat hondoratu egin delako. Gaur bertan hasi dituzte errepide zati hori konpontzeko lanak, bidea oso egoera txarrean zegoelako. Lanak hasi dituztenean, ordea, bide zati bat hondoratu egin da, eta itxi egin behar izan dute.

Benta Berriko bidegurutzetik 200 metrora, Azpeitia aldera, hondoratu da zorua 17:00 inguruan, eta trafikoa Urrakitik bueltan ari dira Errezilera bideratzen. Errezilgo alkate Xebero Agirretxek azaldu duenez, autobusak eta eskola garraioa dira orain "kezka nagusiak", horiek ere Urrakitik joan beharko dutelako Errezilera.

Gaur hasi dituzten errepidea konpontzeko lanak hiru egunetan egitea aurreikusten bazuten ere, zorua hondoratuta, oraindik ezin dute zehaztu orain zenbat denbora beharko duten errepidea irekitzeko; gutxienez, astebete izan daitekeela esan du Agirretxek.