Hamabi indarkeria matxista kasu artatu zituzten iaz Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetan

Uztarria.eus 2019ko aza. 25a, 13:30

Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da gaur, azaroak 25. Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetan hainbat indarkeria matxista kasu artatzen dituzte urtero, eta 2018an, gainera, gora egin zuen kopuruak. Izan ere, iaz hamabi herritar artatu zituzten udaleko Gizarte Zerbitzuetan. Indarkeria psikologikoa nahiz fisikoa pairatu zutelako jo zuten udaleko sail horretara, eta herritar horien %41,6k jarri zuen erasotzailearen aurkako salaketa.

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, azaroak 25, eta urtero legez, herriko hainbat eragilek emakumeenganako indarkeria salatzeko ekitaldiak antolatu dituzte. Urrutira joan gabe, Azpeitian ere ematen dira indarkeria matxista kasuak, eta horren erakusle dira Uztarria.eus-ek Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik jaso dituen datuak. Izan ere, 2018. urtean hamabi indarkeria matxista kasu artatu zituzten udaleko sail horretan. Aurten ere bat baino gehiago dira Gizarte Zerbitzuetara laguntza eske jo duten herritarrak, baina datu horiek ez dituzte jakinarazi.

2018ko datuak

  • Iaz indarkeria matxista jasan zuten hamabi lagunek jo zuten Gizarte Zerbitzuetara. Horiek indarkeria fisikoa eta psikologikoa nahiz biak pairatu zituzten.

  • Artatutako lagunen bataz besteko adina 44 urtekoa izan zen: horietan gazteenak 19 urte zituen, eta 68 urte zaharrenak.

  • Jatorriari dagokionez, Gizarte Zerbitzuetara jo zuten herritarretatik zazpi euskaldunak ziren, bat espainiarra, bi marokoarrak, bat ekuadordarra eta bat argentinarra.

  • Hamabi lagun horietatik bostek jarri zuten salaketa.

2017ko datuekin alderatuta, %25 igo da Gizarte Zerbitzuetan artatutako kasuen kopurua. Izan ere, duela bi urte bederatzi lagunek jo zuten Gizarte Zerbitzuetara, eta hamabik iaz. 2017an indarkeria fisikoaz eta psikologikoaz gain, indarkeria ekonomikoa nahiz sexuala paraitu zituzten herritarrek; iaz, aldiz, indarkeria fisikoa eta psikologikoa nahiz biak pairatu zituzten Azpeitiko Udalera jo zuten hamabi herritarrek. Jatorriari dagokionez, orain dela bi urte sail horretan artatu zituzten lagun gehienak euskaldunak ziren –bost–, eta iaz ere bai; zazpi ziren euskal herritarrak.

Bestalde, bi urteen arteko datuen alderaketen artean nabarmentzekoa da adin tartea: izan ere, 2017an 36 urtekoa zen Gizarte Zerbitzuetara jo zuten herritarren bataz besteko adina, eta 44 urtekoa, berriz, 2018an jo zutenena. Gainera, iaz ez zuten adin txikikoen kasurik artatu udalean –orain dela bi urte bi ziren adin txikikoak–. Artatutako kasuen kopuruak ez ezik, salaketa jarri zuten herritarren kopuruak ere gora egin zuen iaz. Hain zuzen ere, Gizarte Zerbitzuetara jo zuten herritarren %41,6k jarri zuen erasotzailearen aurkako salaketa iaz; aldiz, 2017an %33,3k salatu zituen tratu txarrak.