'Comandante Arian' dokumentalaren emanaldiarekin eta solasaldiarekin hasi dira azaroaren 25aren bueltan antolatutako ekintzak

Uztarria.eus 2019ko aza. 18a, 22:02

Astebete falta da Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunerako, azaroaren 25erako, baina dagoeneko hasi dira egun horren harira Azpeitian antolatutako ekintzak. Comandante Arian dokumentalaren proiekzioak eta Askapenako kide Ainhoa Alberdi azpeitiarraren solasaldiak ireki dute gaur, astelehena, azaroaren 25aren bueltan antolatutako ekintzen zerrenda.

Emakumeen Txokoan eskaini dute Comandante Arian dokumentala, 18:30ean. Ikus-entzunezkoarekin hasi aurretik, baina, Alberdik hartu du hitza. Azpeitiarrak ikus-entzunezkoaren inguruko zenbait zertzelada eman ditu, eta Siriako gerraren eta Ekialde Hurbilaren testuinguru politikoaren gaineko azalpenak eman ditu, testuinguru horretan kokatzen baita Comandante Arian dokumentala: "Siriako gerran kokatzen da ikus-entzunezkoa. Kurdistango Rojavako emakume gerrilarien borroka du oinarri. Dena den, kurduek proposatzen duten iraultzaren oinarriak zein diren ere ageri da dokumentalean".

Ikus-entzunezkoa amaitzean, dokumentalak "azaldu gabe" utzitako zenbait gairen inguruan sakondu du Alberdik: "Emakume kurduen borroka bada islamiarren aurkako borroka bat, baina hortik harago doan auzia da. Emakume kurduen borroka kondeferalismo demokratikoaren aldeko borroka da. Hau da, Kurdistango komunitatearen eta komunalaren defentsan oinarritzen da, baita emakumeen, lurraren nahiz hizkuntzaren defentsan ere. Ekialde Hurbilera egokitzen den sozialismoaren defentsan oinarritzen da Kurdistango emakumeen borroka, eta, beraz, ez da gizonezkoen eta patriarkatuaren kontrako borroka soil bat, bertako emakumeek ulertzen baitute konfederalismo demokratikoaren ezartzea dela emakumeen askapenerako bide posible bakarra". Konfederalismo demokratikoaren inguruko zenbait azalpen eman ditu Alberdik, eta hizpide izan ditu, Kurdistango komuna sistema eta gizarte antolaketa, besteak beste. 

Zapatuan jarraituko dute Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira prestatutako egitarauarekin. 

Hona hemen azaroaren 25aren bueltan antolatutako ekintzak: 

Azaroak 23, larunbata:

10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 19:30era: Autodefentsa feminista ikastaroa, Emakumeen Txokoan.  

Azaroak 25, astelehena:

10:00etan: Herriko ikastetxeetako ikasleei zuzenduta, Emakumeenganako biolentziaz hausnartzen tailerra, Sindikatu Zaharrean. 

12:00etan: Ikasleen elkarretaratzea, plazan.

17:00etan: Malen Etxeako emakumeen eskutik, Zaintza arloko emakume langileak borrokan solasaldia, Gaztetxean.

19:00etan: Basanderiek asanblada feministaren ekitaldia, plazan.