Aldizkariaren 20. urteurrenaren harira, erakusketa zabaldu du Uztarriak

Uztarria.eus | Komunikabideak
2019ko aza. 18a, 16:29

Uztarria aldizkariak 20 urte bete ditu hil honetan, eta urteurren horren harira, erakusketa zabaldu du Uztarria Komunikazio Taldeak. Hogei urteotan aldizkarietan agertu diren herritarrei argazkiak atera eta horiek Sanagustin kulturgunean jarri ditu Uztarriak. Abenduaren 2ra bitartean izango da zabalik erakusketa.

Erakusketa gaur jarri du ikusgai Uztarriak.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Uztarria aldizkariak 20 urte bete ditu hil honetan, eta urtemuga hori ospatzeko, erakusketa zabaldu berri du Uztarria Komunikazio Taldeak. Hain zuzen ere, hogei urteotan aldizkarien askotariko zenbakietan azaldu diren hainbat herritarren hogei argazki jarri dituzte ikusgai Sanagustin kulturguneko hormetan. Arlo askotako pertsonak ageri dira irudietan: kirolariak, politikariak, kultur nahiz gizarte arlokoak... Modu horretan, aldizkariak urteotan argitaratutako edukien errepaso bat egin nahi izan du Uztarriak, herritarrak protagonista bilakatuta. Irudiak Xanti Rodriguez argazkilariak atera ditu.

Gaur ireki dute erakusketa, eta abenduaren 2ra bitartean izango da argazkiak ikusteko aukera Sanagustinen. Gainera, ostiralean, inaugurazio ekitaldia egingo du Uztarriak, 19:00etan hasita. Oihana Elduaien Uztarriako lehendakariak hartuko du hitza, eta sorpresaren bat edo beste ere izango da ekitaldian.

Honako pertsona hauek ageri dira erakusketako argazkietan:

  • Kepa Susperregi erretorea.
  • Xabi Lozano mutil transexuala.
  • Imanol Arregi Iturbide pandero-jotzailea.
  • Karmen Arozena, Mertxe Urrestilla, Maria Jesus Aranburu eta Gema Larrañaga andereñoak.
  • Iñaki Elorza Txapas irratiko kirol esatari ohia eta Txetxu Urbieta kirol esataria.
  • Ujala Mehreen adineko pertsonen zaintzailea.
  • Rafael Rezabal Ekaingo kobaren aurkitzailea eta Maria Jesus Arregi Andoni Albizuri Ekaingo kobaren aurkitzaile zenaren alarguna.
  • Iago Azkue eta Julen Revuelta magoak.
  • Imanol Lazkano bertsolaria eta Laxaro Azkune gai-jartzaile ohia.
  • Ainara Torvisco kickboxinglaria.
  • Ioritz Igarataundi eta Aiora Etxeberria nekazariak.
  • Mikel Labaka eta Eguzkiñe Peña futbolari profesional ohiak.
  • Maje Larrañaga Lagun Onak mendi bazkunako lehendakari ohia eta Maier Lizaso ISBko lehendakaria.
  • Ainara Garcia eta Juan Joxe agirre argazkilariak.
  • Oihana Orbegozo pilotaria.
  • Olatz Izagirre 26/11 sumarioko auziperatua, Mikel Azkune Egunkaria auzian epaitua eta Miren Odriozola Udalbiltza auzian epaitua.
  • Miren Larrea Orkestra Deustuko Lehiakortasun Institutuko ekonomialaria eta Begoña Beobide Iraurgi Berritzen garapen agentziako zuzendaria.
  • Josean Idoeta Atzegiko presidentea eta Ander Idoeta Atzegiko erabiltzailea.
  • Jose Mari Bastida, Julian Eizmendi, Iñaki Errazkin, Eneko Etxeberria eta Nagore Alkorta 20 urteotako alkateak.
  • Erika Olaizola eta Gurutze Eizmendi aktoreak.
Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu