Erraz irabazi dio Estudiantesek Añares Rioja ISBri

Uztarria.eus 2019ko aza. 18a, 14:05
Añares Rioja ISBko taldekideak, Leganesen kontra jokatu zuten neurketan hartutako argazkian. (Luis Garcia)

Madrildarrak 62 eta 102 nagusitu ziren atzo Azkoitiko kiroldegian jokatutako neurketan. Zazpi jardunaldi jokatuta, Iraurgikoak 11. postuan daude LF2 ligaren A multzoko sailkapenean.

Añares Rioja ISBk Estudiantes hartu zuen atzo Azkoitiko kiroldegian, LF2ko A multzoaren goikaldean dabilen aurkaria, eta madrildarrek berretsi egin zuten beren maila, Iraurgikoei 62-102 irabazita. Lehen laurdenean horrenbestean eutsi zion lehiari Añaresek (17-24), baina atsedenaldiaren aurretik dagoeneko alde nabarmena lortua zuten bisitariek (27-57). Hirugarren laurdenean gizendu besterik ez zen egin kanpokoen aldeko abantaila (38-86). Partida erabakita zegoela, azken laurdenean etorri zen etxekoen aldeko partzial bakarra, 23 eta 16koa, baina alferrik zen ordurako. 26 baloi galdu zituzten Iraurgikoek partidan zehar. Jessica Fequiere izan zen Añaresen saskiratzailerik onena (18 puntu); Intza Lizarazu (11) eta Sara Iparragirre (10) izan ziren hamar punturen muga gainditu edo berdindu zuten beste bi jokalariak.

Zazpi jardunaldi jokatuta, Iraurgikoak 11. postuan daude LF2 ligaren A multzoko sailkapenean. Orain arte, bi partida irabazi eta bost galdu dituzte. Datorren zapatuan Patatas Hijolusaren etxean jokatuko du Añares Rioja ISBk.