Denetariko emaitzak azpeitiarrentzat Gipuzkoako Xake Txapelketan

Uztarria.eus 2019ko aza. 18a, 09:41

Gipuzkoako Xake Txapelketaren beste jardunaldi bat jokatu zuten joan den zapatuan Baigeran, eta Azpeitiko xakelariek denetariko emaitzak lortu zituzten. Aipagarriena Cesar Cristian Cretuk lortutakoa izan zen: eskualdeko 2. mailako txapelketaren laugarren txandan bere partida irabazita, azpeitiarrak matematikoki lortu du datorren sasoian 1. mailan lehiatzeko eskubidea.

Maila absolutukoen txapelketan, Aitor Priyak berdinketarekin amaitu zuen bosgarren jardunaldiko bere neurketa. Eskualdeko 2. mailan, Cretuz gain etxeko beste hiru xakelarik izan zituzten partidak: taldekideen arteko lehian, Miguel Angel Gomezek irabazi egin zion Jose Andres Perezi eta sailkapeneko hirugarren postua lortzeko aukerei eusten die; Eneko Alberdik, berriz, galdu egin zuen. Eskualdeko 3. mailako laugarren jardunaldian ere izan zen azpeitiarren arteko partida bat; bertan, Aitor Elustondo nagusitu zitzaion Juan Carlos Fernandezi. Maila berean, irabazi egin zuen Aner Alonsok, eta galdu Julen Urangak.

Datorren zapatuan jokatuko dute hurrengo jardunaldia Baigeran, 16:00etatik aurrera. Azpeitiarrei dagokienez, Priya Xabier Beorlegi eibartarren kontra ariko da maila nagusiaren seigarren txandan. Eskualdeko 2. mailan, Gomez eta Cretu elkarren aurka ariko dira, Eneko Alberdik Adrian Martirikorena eibartarraren kontra jokatuko du, eta Jose Andres Perezek Sergio Belosillo beasaindarrarekin neurtuko ditu indarrak, txapelketaren azken txandan. Eskualdeko 3. mailakoek ere azken jardunaldia izango dute zapatukoa; Aitor Elustondok Faustino Miralles getariarra izango du aurkari, Aner Alonsok Imanol Larrañaga azkoitiarra, eta Juan Carlos Fernandez eta Julen Uranga azpeitiarrek elkarren kontra jokatuko dute.