Frankismo garaiko giza eskubide urraketak biltzen dituen liburua aurkeztuko dute asteazkenean

Uztarria.eus 2019ko aza. 18a, 11:09
Javi Buces eta Nagore Alkorta, liburua eskuetan dutela. (Azpeitiko Udala)

'Azpeitia 1945-1975. Giza eskubideen urraketak eta errepresioa diktadorea hil artean' liburua kaleratu dute Azpeitiko Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak, eta asteazkenean aurkeztuko dute, Azpeitiko udaletxean. Argitalpenean 1945etik 1975ra arteko giza eskubide urraketak jaso dituzte. Irekia izango da asteazkeneko ekitaldia.

Azpeitia 1945-1975. Giza eskubideen urraketak eta errepresioa diktadorea hil artean liburua aurkeztuko dute Azpeitiko Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak asteazkenean, azaroak 20; Francisco Franco diktadorea hil zen egunean, hain zuzen ere. Lan horrekin, udalak 36ko gerratik gaur egunera arteko denbora tarte guztietako giza eskubide urraketen inguruko azterketak eginda izango ditu. "Euskal Herrian horrelako lan oso bat egina duen lehen herria izango da Azpeitia", adierazi du Javi Buces Aranzadi zientzia elkarteko historialariak.

Azpeitiko Udalak 2014an memoria historikoa eta iragan hurbila ikertzeko bidea hartu zuen. Ordutik, Aranzadi zientzia elkartea bidelagun duela, urrats ugari egin du, giza eskubide urraketak ikertzeko. Alegia, gertaerak zenbatzeko, aztertzeko, eta egia azaleratzeko. Orain, beste urrats bat egin dute egia, justizia eta erreparazioaren aldeko konpromisoan. 1945-1975 urteen arteko giza eskubide urraketak eta historia biltzen dituen liburua osatu dute.

1945etik 1975ra arteko giza eskubide urraketak zenbatu dituzte liburuan: zaila da garai horri dagozkion izen-abizen guztiak zerrendatzea, garai hartako giza eskubide urraketetako asko orokorrak izan baitziren. Herritarren konpromisoari balioa eman nahi izan dio Nagore Alkorta alkateak: "Herritar ugari izan ziren beren printzipioari uko egin ez eta frankismoari aurre egin ziotenak, sentitzen eta bizi zutena eginez, debekuen gainetik. Eta horrek eragina izan zuen herritar ugarirengan".

Liburuan, bi atal

Liburuan, gertaera orokorrak, giza eskubide urraketa larriak, eta errepresio orokorraren barruko giza eskubide urraketak azaldu eta bildu dituzte: "Garai hartan, gure herrian asko izan ziren euskaraz hitz egin edo are gehiago, euskaraz irakasteko ikastolak sortu zituztenak. Euskara eta euskal kultura mantentzeko Loiolako Herri Irratiari eutsi ziotenak eta erregimenaren ustez zilegi ez ziren elkartzeetan atxilotutakoak eta zigortutakoak ere izan ziren herrian. Askok ahaztu gabe eta ahaztu ezinda izango dituzte oraindik Azpeitiko Kuartel Zaharreko bizipenak. Eta ez ditut ahaztu nahi frankismo garaian heriotza zigorrera kondenatu zituzten hamar azpeitiarrak.  Hamarretik  bederatzik 1945etik aurrera preso edo zaintzapeko askatasun zerbitzuek kontrolatuta jarraitu zuten. Hamargarrena, Angel Otaegi, Burgosko pareta batean fusilatu zuten, diktaduraren azken hilabeteetan", adierazi du. Eta frankismoa historia dela  "sinestarazi nahi digutela" baina garaiotan "ondorioak oraindik ere bizirik" daudela azpimarratu du.

Liburua bi atal nagusitan banatzen da. Lehena, 1945etik 1959ra artekoa da. Urte horietan, diktadura bakea ezartzeaz harro zebilen. Oposizioa exilioan edo lurpean zegoen, eta Euskal Herrian hilketak eta kartzela ziren nagusi, ideario nazional-katolikoa indarkeria bidez jazarri zuten agintari frankistek, bai arlo publikoan eta bai pribatuan. Beraz, faxismoari aurre egin zioten eta bizirik irten zirenen estigmatizazio sozialean oinarritu zen errepresio frankista garai horretan. Bigarren atala 1960tik Franco hil artekoa da. Gerra bizi ez zuen belaunaldi berri batek erresistentzia antifrankista, oposizioa berpiztu zuen. Azpeitia frankismoaren aurkako epizentroetako bat bihurtu zen bailaran, eta azpeitiarrak euskal kultura, euskara eta askatasuna berreskuratzeko lerroan egon ziren. Diktadurak errepresioarekin erantzun zien jarrera horiei. Azpeitian, gutxienez, 20 pertsona TOPeko tribunalek prozesatu zituzten, hiru pertsona erbesteratu zituzten, 22 pertsonak torturak jasan zituzten, eta Angel Otaegi fusilatu zuten. 

Liburuko zenbaki, izen-abizen eta gertaera guztien atzean, pertsonak daude, familiak, eta batez ere, sufrimendua. Horregatik, gertaerak aztertu eta bildu, izen-abizenak jarri eta gertatutako oroitu eta aitortzea dagokigu guri", azaldu du Alkortak. Liburu horrekin ere iraganari begirada kritikoa egin eta etorkizuna eraikitzeko oinarri sendoak jartzea du helburu udalak.

Ekitaldi irekia

Udaletxeko bosgarren solairuan egingo dute liburua aurkezteko ekitaldia, 19:00etan hasita. Azpeitiko Udalak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu ekitaldira. Bertan, Aranzadiko eta udaleko ordezkariez gain, besteak beste, Joseba Tapia musikaria izango da ekitaldian soinu banda jartzen.