Inklusioz jantzi da Sanagustin

Uztarria.eus 2019ko aza. 16a, 11:44

Bertan Azpeitiko merkatari elkartearen moda desfilea izan zen atzo, ostirala, Sanagustin kulturgunean, eta leporaino bete zen aretoa. Aurreko edizioetan bezala, "Bertan bizi, Bertan erosi" filosofian oinarrituta, herritik eta herriarentzat eginiko desfilea izan zela nabarmendu zuten Bertaneko kideek. Ihintza Elustondo kazetariak gidatu zuen ekitaldia, eta bertan, udazken-neguko bildumak aurkeztu zituzten modeloek herritarren aurrean.

Guztira, Azpeitiko hamabi dendaren proposamenak ikus ahal izan ziren pasarela gainean, eta dendek ez ezik, herriko beste merkatari batzuk ere parte hartu zuten desfilean. Aurtengo moda desfileak, gainera, berritasun nabarmen bat izan du, inklusio eta aniztasun balioak presente izan baitira desfilean; hain zuzen ere, Atzegiko hainbat kidek parte hartu dute ekitaldian. Ekitaldian zehar beste sorpresa batzuk ere izan ziren; besteak beste, Mirari Zubizarretak eta Vincent Stoelzaedek yoga-dantza ikuskizuna taularatu zuten.

Hona hemen moda desfileko argazki bilduma: