Diplomarekin itzuli da Uztarria IV. Tokikom Sarietatik

Uztarria.eus 2019ko aza. 15a, 14:29

Death Cafe saioetan oinarrituta dagoen Heriotza parez pare erreportajea izan da eduki onenaren saria lortzeko finalistetako bat, baina epaimahaiak hala erabakita, Urumeko Kronika egunkariak jaso du sari hori, Artikutzako urtegiaren hustuketaz egindako Urik gabeko urtegi, orain laborategi erreportajearengatik. 

Gaur banatu ditu Tokikom toki komunikabideen bateraguneak IV. Tokikom Sariak, eta sari horietarako hautagaien artean izan da Uztarria Komunikazio Taldea. 2019ko otsaileko zenbakian kaleratutako Heriotza parez pare erreportajea izan da eduki onenaren saria lortzeko finalistetako bat, baina Azpeitiko komunikazio taldeak ezin izan du saria etxera eraman. Urumeako Kronika (Gipuzkoa) egunkariarentzat izan da sari hori, Urik gabeko urtegi, orain laborategi erreportajeagatik. Artikutzako urtegiaren hustuketa ardatz hartuta, kazetak erreportaje "eredugarria" eta "balio dokumental handiko" lana sortu duela ebatzi du epaimahaiak.

Death Cafe saioetan oinarrituta, Ihintza Elustondo eta Julene Frantzesena kazetariek ondutako lana izan da IV. Tokikom Sarietarako hautagaia. Manex Beristain, Iñaki Arregi Izan, Leire Urbieta eta Saioa Garmendia dira erreportajearen protagonistak, eta honako lotura honetan irakur daiteke Heriotza parez pare lana.

Basauriko Ibaigane kultur etxean (Bizkaia) egin dute sari banaketa, eta euskarazko hedabideetako 80 lagun inguru eta erakundeetako ordezkariak elkartu dira han. Uztarri Komunikazio Taldeko kideak ere izan dira ekitaldian, eta sari nagusiarekin ez, baina diplomarekin itzuli dira herrira. Tokikom sarien helburu nagusiak bi dira: euskarazko toki komunikabideen lana ezagutaraztea eta lan horren balioa publikoki aitortzea.