'Go!azen Basakabitik antzokira' ikuskizuna eskainiko dute abenduaren 7an Soreasun

Uztarria.eus 2019ko aza. 15a, 14:16
'Go!azen' telesailaren seigarren denboraldiaren bideokliparen grabaketako irudia.

Bi emanaldi eskainiko dituzte abenduaren 7an. Asteartean, hilak 19, jarriko dituzte salgai emanaldietarako sarrerak, eta Interneten nahiz Soreasuko leihatilan izango dira eskuragarri 18:00etatik aurrera. 

Ate joka dago Pausoka ekoiztetxeak eta ETBk ekoiztutako Go!azen telesailaren denboraldi berria, eta horren estreinaldiaren atarian, telesaileko zenbait aktorek Go!azen Basakabitik antzokira ikuskizuna eskainiko dute abenduaren 7an Azpeitian. Bi emanaldi eskainiko dituzte Soreasu antzokian, aurrena 16:30ean hasiko da, eta bigarrena 18:30ean.

Sarrerak, asteartetik aurrera

Go!azen Basakabitik antzokira antzerkirako sarrerak asteartean, hilak 19, jarriko dituzte salgai, eta kulturaz.eus webgunean nahiz Soreasuko leihatilan izango dira eskuragarri. Soreasuko leihatila 18:00etan irekiko dute, eta ordu berean zabalduko dute sarrerak Internetez erosteko aukera ere. Emanaldi bakoitzerako 400 sarrera jarriko dituzte salgai leihatilan, eta 150 sarrera Interneten. Pertsona bakoitzak gehienez sei sarrera erosi ahal izango ditu.