Europari bira, Citroen ZX batean

Uztarria.eus 2019ko aza. 14a, 12:03
Ezkerretik eskuinera, Arellano, Aranbarri, Urbizu eta Urkizu.

Lau gazte azpeitiarrek Europan barrena bidaia luzea egin zuten joan zen udan, Citroen ZX batean. Auto horrek bidaia hartan egin zituen azken kilometroak, bueltan txatarretara bota dutelako. Urola Kostako Hitzak duela aste batzuk kaleratu zuen garraioaren eta mugikortasunaren gehigarrirako Aitziber Arzallus kazetariak egindako erreportajea da honako hau.

"Planik onenak eta eroenak sortzen diren bezala, hau ere parranda giroan sortu zen", hasi da Aitor Aranbarri (Azpeitia,1988). "Hogeita lau urteko Citroen ZX bat neukan, eta erretiroa eman behar geniola erabaki genuen". Eta nola hobeto, bidaia batekin baino? Aranbarriz gain, beste hiru lagun animatu ziren: Jon Urkizu (Azpeitia, 1988), Asier Urbizu (Azpeitia, 1989) eta Joel Arellano (Azpeitia, 1988).

Hasierako asmoa Moskura joatea zela kontatu du Arellanok. "Nondik joan begiratzen hasi ginen, eta konturatu ginen Errusiara sartzeko baimena beharko genuela". Horregatik, plana aldatzea erabaki zuten. "Egokiagoa iruditu zitzaigun Norvegiarantz joatea, nahiz eta bidaia luzeagoa izan".

Abiatu aurretik, behin gelditu ziren bidaia antolatzeko. "Egia esan, antolaketa handirik ez genuen egin", zehaztu du Urbizuk. "Mapa bat marraztu genuen egin nahi genuen ibilbidearekin, eta harekin abiatu ginen". Autoak IAT (Ibilgailuen Azterketa Teknikoa) pasatuta zuela bai, baina ez zuten begiratu ezta ordezko gurpilik ba ote zuen ere. "Egunean bertan begiratu genuen, abiatzera gindoazela, eta bazegoela ikusita, lasai abiatu ginen".

Uztailaren 26an irten ziren Azpeititik; hogeita bat egun zituzten aurretik. Marraztutako ibilbide hura egiteko asmoarekin irten ziren, baina gero, ibilian, ibilbidean aldaketak egin zituztela azaldu du Urkizuk. "Azkenean, uste genuena baino 1.500 kilometro gehiago egin genituen". Guztira, 11.604 kilometro, hamasei herrialdetan barrena. "Marra zuzen bat eginda, Azpeititik Pekinera dagoen distantzia adina", Urbizuren hitzetan. 

Uste baino freskoago

Gauza gutxirekin abiatu ziren etxetik: motxila bana eta bi kanpin denda autoaren maletategian, eta hozkailua atzeko eserlekuan. "Iparralderantz gindoazela ohartu ginen han goian agian hotz egingo zuela, eta guk galtza motzak eta sandaliak besterik ez motxilan". Sandaliak galtzerdiekin soinean, kamiseta termikoak eta zapatilla goretexak erosi behar izan zituztela gogoratu du Urbizuk. Kanpin-gasa hartzea ere ahaztu egin zitzaiela eta bidean bi erosi behar izan zituztela, berriz, Aranbarrik: "Aurrena erosi genuen kanpin-gasaren aldagarririk ez zuten saltzen hurrena joan ginen herrialdean".  

Egunero antzerako plana zuten, baina egun bakoitza gainontzekoen oso desberdina atera zitzaien. 08:00-09:00ak aldean hartzen zuten autoa, eta goiza errepidean pasatzen zuten. Txandaka gidatzen zuten: goizean batek, eta bazkalondoan beste batek. 500 bat kilometro egiten zituzten egunero. Autoan ordu asko, beraz, baina orduak "erraz" pasatzen zituztela ziurtatu dute laurek. Batzuek lo egiten zuten, besteek irakurri... Beren artean "bikain" konpondu direla baieztatu dute, aparteko tira-birarik gabe. 

18:00 alderako lo egin behar zuten lekura iristen saiatzen ziren. Hirietan gelditu zirenetan, etxeetan, hostaletan, hoteletan, albergeetan eta abarretan egin zuten lo. Bidean zihoazela bilatzen zuten lekua, egunean egunekoa. "Leku ilun samarren batean ere" lo egin zutela kontatu dute; Amberesen, esate baterako. "Marrokiar baten etxea zen, baina niri etxea alokatu zidana errusiar bat zen", esan du Urkizuk. "Booking-etik 40 euro eskatu zizkiguten, eta unean bertan, 150 euroko bermea eta garbitzaileari pagatzeko beste 40 euro ere bai. Guri eskura ordaintzeko eskatu ziguten, baina beraiek fidantza Paypaletik itzuliko zigutela hurrengo egunean, eta nik ezetz, ez neukala Paypalik". Azkenean, etxe jabearekin hitz egin, eta hurrengo egunean dirua eskura bueltatu zieten.

Bidaian zehar beldurrik pasatu ote zuten galdetuta, ezetz diote laurek, eta barre egiten dute, beldurra agian beraiekin topo egiten zutenek pasatuko zutelako. "Lau lagun ginenez, lasai ibili ginen, eta uste dut guk baino itxura okerragorik ez zuela beste inork", esan du Arellanok.

Bidaian zehar sustoren bat edo beste izan dute, ordea. Adibidez, Norvegian, kanpin-dendan lo zeudela animaliaren baten bisita izan zutenean. "Aurreko egunean museo batean izan ginen, eta han ikusitako hartz batekin ametsetan ari nintzen", gogoratu du Urkizuk. "Esnatu egin nintzen, eta zaratak entzuten nituen dendaren kanpoaldean. Hasieran, lagunetakoren bat izango zela uste nuen, baina ez. Eskerrak dendatik irten ginenerako alde egin zuen bisitariak".

Leku ikusgarriak

Leku "zoragarriak" ikusi dituzte bidaian. Suediatik Norvegiara pasatu zirenean ikusi zituzten paisaiak etorri zaizkio burura Arellanori: fiordoak. "Suedia aldean etxe denak gorriak ziren, eta Norvegiara pasatu eta denak beltz-beltzak", gaineratu du Urkizuk.

Uda izanagatik, Bizarzuriri bisita egin zioten Finlandian. Harekin argazkia ere atera zuten, baina 40 euro eskatu zizkieten gero, eta han gelditu zen. "Herri hark neguan beste xarma bat izango ote du", dio Urbizuk, grazia handirik egin ez zionaren seinale. Nonbait hango oroigarriak baino gehiago gustatu zitzaizkion Norvegiakoak. "Ez genion utzi nahi izan, baina adar handi batzuk erosi zituen, eta haiekin egin genuen bidaia guztia", esan du Aranbarrik. "Lehen autoan leku gutxi bagenuen, pentsa haiekin".

Jagoba Beobide futbolari azpeitiarrarekin gelditzeko saiakera ere egin zuten. Beobide Finlandian bizi da orain, hango talde batek fitxatuta. "Gu handik pasatu aurreko egunean-edo iritsi zen hara". Deitu ziotela kontatu du Aranbarrik, baina ez zutela harekin geratzerik izan.

Denetariko errepideak eta gidariak

Etxetik autoan irten eta etxera autoan bueltatuko zirela nahikoa konbentzituta abiatu ziren laurak, baina ez zuten pentsatzen dena "hain ondo" aterako zitzaienik. "Gutxienez, gurpilen bat zulatzea espero genuen, eta bide erdian buelta emateko aukera ere hor zegoen, denboraz gaizki gindoazelako edo", esan du Arellanok. Autoa izorratuz gero, berriz, hegazkinean itzultzea zen laukotearen B plana.

Inguruan, ordea, bazituzten konfiantza handirik ez zuten lagunak. Santioetan porra egin zuten, eta norbaitek jarri zuen 375 kilometro egingo zituztela. "Eta ia harexek asmatu", esan du Urbizuk, "lehenengo egunean, Bordele parean, justu-justu libratu ginelako istripua izatetik". Gainontzean, errepidean ez dute arazo handirik izan. "Herrialde batzuetan errepide onak topatu ditugu, eta ondo; baina, adibidez, Suedian, Norvegian eta Finlandian ez dago autobiderik, eta errepide konbentzionaletatik eta hondarrezkoetatik kilometro mordoa egin behar izan genituen".

Herrialde batzuetako gidariak zeinen "kamikazeak" diren ere egiaztatu ahal izan dute uda honetan. Lituanian, bi erraileko errepideetan lau auto ibiltzen zirela gogoratu dute, eta italiarrak ere "oso gidari txarrak" iruditu zitzaizkiela. Kopenhagen, berriz, aurretik zuten kamioiak zubi bat jo eta txatarra puska bat autoaren gainera erori zitzaien. "Autoari arrasto txiki bat egin zion, baina ezer ez". Aranbarriren ustetan, "zortea alde" izan dute bidaia guztian.

Autoari erretiroa

Baina autoarekin kontatzeko anekdotarik badutela esan du Urbizuk. "Bueltan gentozela, Euskal Herritik hamar kilometrora, gasolinarik gabe gelditu ginen". Erreserbako argitxoa piztuta zutela, oharkabean, pare bat gasolindegi pasatu egin zituzten. "Begiratu genuen, eta gasolindegia 14 kilometrora, eta harako bidean kristoren aldapa! Igo genuen, eta autoa gelditu egin zen. Aldapa jaitsi bai, baina hantxe gelditu zen". Bi lagun autoa zaintzen gelditu ziren, eta beste bi oinez zerbitzugune baten bila abiatu ziren. "Eta ailegatu eta itxita", esan du Arellanok. "Hala ere, kilometro batera beste bat zegoela jartzen zuen, eta han bai: litro eta erdi gasolina hartu eta autora buelta. Eta arrankatu egin zuen".

Etxera iritsi eta Aranbarriren autoa artean oso-osorik zegoen, baina behin betiko erretiratu behar zuela eta, Compramostucoche.es-ekoei kotxea tasatzeko eskatu zien. Internetez ez ziotela tasatuko esan zioten haiek, eta Oiartzunera joateko, enpresa horrek daukan bulegora. "Ordubete galdu nuen, eta autoaren truke hamahiru euro eskaini zizkidaten". Eta txatarretara bota du. "Trukean ez dut ezer atera, baina nik nahi izan ez dudalako. Hamahiru euro jasotzea pixka bat umilgarria iruditu zitzaidan".

Berriz horrelako bidaiarik egingo luketen galdetuta, baietz diote laurek, inolako zalantzarik gabe, gainera. Errepidean egindako milaka kilometroen eta autoan pasatako dozenaka orduen nekerik ez dute nonbait. Ea zeinen autoak erretiratzen duten hurrena.